BERASTEGI. DV. erastegiarrek ez zuten hutsik egin San Anton eguneko hitzordura, eta aspaldiko ohitura betez, Eguzkialde auzoan dagoen ermitara hurbildu ziren euren animaliek bedeinkazioa jaso zezaten. Bergaran, Elgoibar reedota Baztan-Bidasoako zenbat herritan ere gordetzen dute San Anton ospatzeko ohitura, baina leku askotan dagoeneko desagertuta dago. Berastegiarrek tinko eusten diote, ordea, ohitura honi.
Horrela goizeko 10:00etako mezaren aurretik, ermita inguruan herritar ugari bildu ziren, asko eta asko, beren etxeko animali eta maskotekin. Goiza ederra zen horretarako. Izan ere, iazko egunean protagonista izan zen hotza ez zen atzokoan azaldu.
Eskola-ume batzuek ere lortu zuten baimena egun horretan ordu batzuetan ekolatik kanpo egoteko eta beren animaliak hartuta San Antongo baselizara gerturatu ziren. Gazteenek gustura betetzen duten usadioa da hauxe, urtetik urtera ikusten den moduan, eta helduek ere pozik hartzen dute haien presentzia, ohituraren biziraupenaren seinale.
Abere pranko bildu ziren atzokoan ere. Gehienak txakurrak baziren ere, zenbaitek ere oilarrak eraman zituzten, baita poniak, ahuntzak, untxiak eta abar luze bat ere. Garai batean, baserri gehiago zeudenean, hain zuzen, behorrak, astoak edota txerriak ere eramaten zituzten bedeinkatzera baserritarrek. Giro handiko eguna izaten omen zen orduan San Anton.
Martin Garmendiak eman zuen meza eta ondoren banan banan bedeinkatu zituen bertaratu zituzten animali guztiak urtean zeharreko osasuna opatuz, hain zuzen ere. Elizkizunaren ondoren auzotarrek hamaiketako oparoa eskaini zuten, indarberritatuta etxeetara itzuli ahal izateko.
Eguzkialde auzoko baseliza hau XX. mende hasieran eraikia da eta orain dela bederatzi bat urte zaharberritua izan zen. Urtean zehar auzoko emakumeak arduratzen dira gehienbat ermita txukun mantentzeaz.