Jueves, 18 de enero de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

ALTO DEBA
'Zure iritzia nahi dugu' kanpaina jarri du abian Oñatiko Ezker Abertzaleak
'Zure iritzia nahi dugu' kanpaina jarri du abian Oñatiko Ezker Abertzaleak
Koordinazio talde orokor bat eratua dutela azaldu zuten. [MARIAN]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

OÑATI. DV. Datorren maiatzeko Udal Hauteskundeak direla-eta, Oñatiko Ezker Abertzalea hasia da duela hilabete batzuk hitzordu hau prestatzen. «Egun Udal Gobernuak duen alternatiba bakarra gu geu gara» azaldu zuten asteartean Arranon Ezker Abertzaleko kideek.

Koordinazio talde orokor bat eratua dutela azaldu zuten, «berau esperientzia ezberdina dugun kideak osatzen dugularik eta argazki hau horren ordezkaritza» bat dela adieraziz. Talde honen lan nagusienak plangintza zein egutegia koordintzeaz gain, azpiegiturako lanak burutzea, zerrenda osatuko duten kideen profilak markatzea, behin betiko Herri Programa osatzea... izango dira, besteak beste.

«Eginbehar hauek guztiek behin betiko izaera izan dezaten, Ezker Abertzalean ohi den bezala, koordinazio talde orokorraren planteamendua mahaiaren gainean jarriz Herri Batzarrak onartu beharko ditu» adierazi zuen Marijo Altubek.

Era berean, Herri Programaren ildoak lantzen diharduten hiru lan talde osatuak dituztela, azaldu zuen, jada hilabete batzuk lanean dihardutenak: Hirigintza eta Nekazaritza lan taldea; Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola lan taldea; Emakumea, Ongizatea eta Enplegua lan taldea. «Lan talde bakoitzak bere bilera egutegia zehaztuta dauka, bertan hainbat eztabaida emateaz gain, proposamenak lantzen ari direlarik».

«Paraleloki eta Herri Programaren edukiak gehiago irekitzeko, beste hainbat ikuspunturen isla izateko helburuarekin, lan estilo berria eta partehartzaileari ateak irekitzeko, gai ezberdinen protagonista zuzenek ere Herri Programaren lanketan parte har dezaten» eskatu zuten.

Deialdia luzatu zioten herritar orori bai era partikularrean bai talde bezala ere, «Herri Programa irekita dagoelako, berak edo bere taldeak Oñatirako egokiak ikusten dituen proposamenak zein ekarpenak egitera, beraien nahiak bertan islatuak ikusteko». Era berean, Ezker Abertzale bezala konprometitu ziren «datozen 4 urteetan udal kudeaketan proposamen hauek kontutan izatera, proposamen hauek defendatzera eta ahal dugun neurrian martxan jartzera».

Beraz, proposamen hauek bereganatzeko metodologia ondorengoa da: asteartetik hasita eta otsailaren 21a bitartean 'Zure iritzia nahi dugu' kanpaina abian jarriko dute. Proposamenak helarazteko dinamika edo bideak, besteak beste, honoko hauek izango dira: bileren dinamika, kontaktu pertsonalak, Arranon jarriko duten buzoian ekarpenak sartzea edo eta www.onati.org web orrian dagoen Zure iritzia nahi dugu laukia sakatuz iradokizunak bidaltzea.

Herritaren parte-hartzea

Hau da herriari begira, barneko lanarekin paraleloki doana, martxan jartzen duten lehen ekimena; «azken finean, Ezker Abertzalearen filosofia betidanik izan dena praktikara eramatea nahi dugulako, hau da, Udaletxea herritarrengan hurbilen dagoen instituzioa den heinean hauen parte-hartze zuzenaren garrantzia era erreal batean azpimarratzea» azaldu zuten.

Heltzen zaizkien proposamenak gehi osatuta dauden lan taldeek mahaiaren gainean jartzen dituztenekin uztartuz, Herri Programa osatuko dute; «kontuan izanik, gure hauteskunde programaren filosofia honoko klabeetan oinarrituta egongo dela: eraikitzailea, ezkertzalea, abertzalea eta egungo Udal Gobernuarekiko alternatiba» dela esanez bukatu zuen Marijo Altubek Ezker Abertzalearen agerraldia.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS