Urte eta erdi egin du neska gazteak, Donostiako kanpo-auzo batean, ijito-familia batekin familia-hezitzaile. Urte eta erdi gutxi da sakoneko hutsuneak konpontzeko. Ez da horren gutxi, ordea, halako lotura afektibo estuak sortzeko eta, nork daki?, berez konponezinak diruditen problemak bideratzen hasteko.
Duela urte eta erdi, ia umea zen Carmen, hamabi urteko neska beltzarana; zazpi urte zituen Soraya maitagarriak; hiru Jarbi mutiko bihurriak; eta ia jaio berria zen Esme neska argia.
Urte eta erdian, zenbat ordu elkarrekin! Zenbat jolas, lan eta borroka! Borroka horietako asko, kanpoko hainbat jenderekin. Azkenean, nola sinestarazi Jarbiri kanpotik zetorren neska hura paya zela?
Urte eta erdian, ia emakume bihurtu da Carmen eta haurtzaindegiko umerik bizkorrena Esme.
Baina, urte eta erdi egin ondoren, ijito-familia agurtzeko ordua iritsi zaio familia-hezitzaileari. Ezin agur esan, ordea. Gauza ez, nonbait, loturak eteteko. Hala ere, noizbait erabaki du noiz amaitu familia-hezitzaile lanak. (Bide batez, hitzak berak dio zer den erabakitzea: ebakia egitea.)
Hala, gaur zortzi, joan da neska gaztea ijito-familiara; eta hantxe zain-zain, ama eta lau umeak. «¿Cuándo te vas?», galdera Carmenek. «A las siete y media», erantzuna neska gazteak. Handik ordu laurden batera, galdera bera Sorayak; eta erantzun bera neskak. Eta, ordu laurden geroago, berriro ere galdera Jarbik; eta neskak: «ya os he dicho: a las siete y media».
Baina zazpiak eta laurdenak aldera, zertaz ohartuko neska eta, ez daudela etxean lau neska-mutilak. Galdetu dio amari; eta amak, alde egin dutela; ez diotelako adiorik esan nahi.