Martes, 16 de enero de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

TOLOSALDEA MERKEALDIEN ERAGINA
Beherapenak, herri txikietan ere bai?
Tolosaldeko denda txikiek ere egunotan euren produktuak merkeago eskaintzen dituzten arren, ez omen dute bezero kopuruan aldaketa handirik nabari
Beherapenak, herri txikietan ere bai?
Maixabel Zubeldia, bere Alegiako Esnazu jantzi dendan. [A.G.]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

TOLOSALDEA. DV. Ba bai, inork kontrakorik uste bazuen ere, herri txikietako dendek ere zintzilikatzen dute euren erakusleihoetan Merkealdiak edo Rebajas dioen txartela. Euskal Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, batez beste, pertsona bakoitzeko 120 eta 150 euro bitartean gastatuko omen ditugu aurten merkealdietan, denda batetik bestera, beste inork baino txollo edo mauka hobea aurkitu nahian. Baina horietatik guztietatik zenbat gastatzen ote ditugu gure herrietako dendetan? Beste modu batera galdetuta, okurritzen al zaigu urteko mauka horren bila etxe azpiko dendara jaistea?

Gadera horri erantzun nahian, eskualdeko herrietako zenbait denda txiki bisitatu ditugu. Anoetako Iraola dendako erakusleihoan jarria dute merkealdietako txartela. Bertako Anttonek esan digunez, ordea, «egun hauetan ez dugu gainerakoetan baino mugimendu handiagorik nabaritu». Errege egunaren biharamunean hasi ziren beherapenak eta otsailaren bukaeran amaituko dira. Egun hauetan jendea urte osoan bezala ibiltzen omen da eta betiko bezeroek egun hauetan ere etortzen jarraitzen dute.

Egia da jendeak beherapenetan denda handiagoetara joateko ohitura duela, bertan aukera zabalagoa aurkitzeko asmoz. Horren aurrean, Anttonen ustez, denda txikiek «konfiantza» eskaini behar diete bezeroei, gertutasuna, denda handietan aurkituko ez duten tratu pertsonalizatua.

Neguko jantziak

Alegiako Esnazu arropa dendako Maixabelek esan digunez, berriz, berak nabaritu du mugimendu gehixeago egun hauetan. «Batez ere lehenengo hilabete honetan ibiltzen da jende gehien, hortik aurrera gutxiago». Maixabelek esan digunez, «neguko berokien bila etortzen da jende dexente beherapenetan. Askotan aurretik begiz jota izaten dute eta prezioa zertxobait jaitsi arte itxaroten dute erosteko».

Maixabelen ustez, denda hauetan bezeroari ematen zaion tratuak garrantzi handia dauka. «Jendeari tratu goxoa ematen badiozu eskertu egiten dizu. Bezeroak erakartzeako modu bat da, zalantzarik gabe». Horrez gain, prezioak ezartzerakoan ere begi pixka batekin jokatzea komeni dela dio Maixabelek, baina batik bat, lehen aipatutakoa, tratu goxo eta atsegina.

Hala ere, dendari askori entzun diogu gaur egungo urtarrileko beherapenak ez direla garai batean zirenak. Iritzi berekoa da Alegian jantzi denda daukan Tere. «Abenduan egiten den kontsumoaren ondoren, urtarrileko beherapenak asko jaitsita daude. Gainera, toki askotan abendurako hasten dira prezio bereziak jartzen. Ez dira beherapenak, hauek ezin baitira epea baino lehen jarri, baina bai promozioak». Horrela, orain jendeak ez dauka urtarrilera arte itxaron beharrik berak nahi duen hori erosteko.

Dena den, Terek aipatu digunez, jendeak joera handiagoa du beherapenetan merkatalgune handietara joateko, haietan aukera zabalagoa baita. Horren aurrean, denda txikientzat jendearekiko tratu zuzena mantentzea ezinbestekoa dela uste du berak ere. «Tratu zuzena da guk eskaini behar duguna, bezeroari konfiantza ematen ahalegindu behar dugu. Horrelako herri txiki batean guztiok ezagutzen dugu elkar eta horrek aukera ematen dizu, beste toki batzuetan eman ezin dituzten abantailak eskaintzeko. Esate baterako, bezeroari arropa etxera eramaten utz diezaiokezu bertan lasai probatu dezan; edota momentuan gainean dirurik ez badarama, hurrengoan ordainduko dizula esaten diozu. Horrelako gauzak eskertu egiten ditu jendeak».

Gauzak horrela badirudi ez dela jende asko jaisten etxe azpiko dendara urteko mauka hori bilatzera. Zenbait kasutan mugimendu gehiexago nabaritzen den arren, beherapenetan urte guztian bezala joaten da jendea denda hauetara. Eta izan ditzatela bezeroak urte askotan, gure herri txikiek, denda hauek desagertuko balira, bizi asko galduko bailukete.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS