MUTILOA. DV. Iaz ere urteko sasoi honetan herria hazi egin zela idazten genuen, 200 biztanlera iritsi ginela; ba, aurtengoan ere hazkunde horrekin jarraitzen dugu. 2006. urtean zehar honako mugimenduak eman ziren: 4 jaiotza, 2 hildako, 21 pertsona Mutilora bizitzera etorri direnak, eta 5 beste herri batera alde egin dutenak. Honen ondorioz, 2007ko urtarrilaren 1ean 218 pertsona daude Mutiloan erroldaturik, iaztik 18 pertsonako hazkunde horrekin orain dela bi urte hasitako bidea sendotzea lortzen delarik. Gainera, 2007. urtean zehar oraindik ere biztanle kopurua handitzen jarraitzea espero da, herrian egindako etxe berriak betetzen joango direlako eta haur gehiago jaiotzear daudelako.
Sahararen alde
Beste urte batzuetan bezala, Sahara herriari lagundu nahian Udaleko Ongizarte sailaren ekimenez Mutiloan elikagai bilketa kanpaina egiten ari da. Jasoko diren produktu konkretuak hauek dira: Konpresak, atun latak, lentejak eta azukrea.
Beraz, lagundu nahi duenak urtarrilaren 24rarte du denbora, elikagai hoiek Udaletxean uzteko (egunero, bulego ordutan). Sahararen aldeko Euskal Karabanak bertara eramango ditu laguntza zuzena bermatuz.
Bola txapelketako finala
Gurruntzain bolatokian, gaur goizeko 10etatik 11:30era bitartean eta arratsaldez 16:30etik 17:30era, Gipuzkoako Taldekako Bola Finala ospatuko da.
Joan den igandean Añorgan bota zuten eta sailkapena honela geratu zen: Taldeka (sei bolarik osatutako taldeak); lehen Donostiako Ategorrieta, bigarren Hernaniko Elur-Txori eta hirugarren, Segurako Txoritegi.
Banakakoari dagokionez, berriz, lehen hirurak Joxe Mari Etxebeste O., Jokin Izagirre eta Martin Lizeaga izan ziren, hurrenez hurren.