Maisutzat» hartu nin- duen, eta telefonoaren beste puntatik galdetu zidan:
-«Almacén» nola esaten da euskaraz?
-Almazena -erantzun nion nik. Harritu egin zen, nonbait, eta barrea atera zitzaion, esanez bezala: «Horretarako ez neukan telefonotan dirua gastatzen ibili beharrik».
Telefonoa itzaltzearekin batera, umetan ikasitako bertso hau etorri zitzaidan burura:
Juan Jose Udarregi / Usurbilko zana, / hamaika ditxo eder / bertsotan esana; / bota nahi izanda're / kolpeko dozena, / ez zitzaion ahitutzen / hari almazena; / Pello ta ni ez baino / hura zan gizona!
Ikusten duzuenez, «almazena» aspaldiko hitza da gure hizkuntzan eta tradizio handia du, bereziki, bertsolaritzan; «biltegiak» baino handiagoa, batez ere, metafora gisa erabiltzen denean. Niretzat, guztiz euskalduna da termino hori: erderaz ikasi baino lehenago ere hitzetik hortzera erabiltzen zen gure artean. Beraz, komenigarria da, hitz batek hiztegian egon behar duen ala ez erabaki aurretik, tradizioari erreparatzea.
Askotan, euskaraz ari garelakoan, erderazko kalkoak baino ez ditugu erabiltzen. Adibidez, zein arraiori bururatu ote zitzaion «entidades locales» esateko, «tokiko erakundeak» itzultzea. Egoki ipintzekotan, «tokian tokiko erakundeak» itzuli behar zuen.
Beste batzuetan, marka berriak asmatzen ditugu, baina badirudi erderaz esateko propio asmatuak direla; esate baterako, «Bertako». Edozein erdaldunek esango dizu ederki hori, azentu eta guzti; ez dago, ordea, euskaraz zuzen esateko modurik. Gutxienez, «Bertakoak» jarri beharko luke; oraindik hobeto, «Hemengoak» ipiniz gero. Era berean, «Landako oiloen arrautzak» ipini ordez, nik hau ipiniko nuke: «Larreko oiloaren arrautzak».