Jueves, 11 de enero de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

USURBIL
USURBIL / 'Ez dok Amairu' erakusketa Euskal Herri osora zabaldu nahian da Udala
Jexux Artze Kultur Elkarteak Usurbilen egin zuen erakusketa Udalaren eskutan geratu zen hitzarmen baten bidez eta beste herrietara zabaldu nahi du
USURBIL. DV. Jexux Artzeren heriotzaren urteurrenarekin bat etorriz, Ez dok Amairu erakusketa prestatu zuen 2003. urtean Jexux Artze Kultur Elkarteak eta erakusketa hura Euskal Herrira eta Euskal Herritik kanpora zabaltzeko ardura hartu du Udalak.

2004ko apirilaren 2an, Jexux Artze Kultur Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen Udalak eta horren arabera, urtebete lehenago Usurbilen erakusgai egon zen Ez dok Amairu erakusketa Udalari eman zitzaion, ondarea egoki zaindu eta erakusketa beste hainbat erakundetara eramateko helburuarekin.

Orduz geroztik erakusketarako materiala utzi zutenekin harremanetan jarri da Udala eta erakusketa batetik bestera eramateko beraien baimenak eskuratu ditu. Honela bada, erakusketa honen eskaintza egin die Udalak Euskal Herriko hainbat erakunderi. Horixe da, hain zuzen ere, asteartean Jexux Artze Kultur Elkarteko Joxe Ramon Furundarena eta Ibon Beristain kultura zinegotziak eskaini zuten prentsaurrekoaren helburua, eskaintza horren berri ematea.

Eskaintza modu egokian egiteko eskuorri bat argitaratu du Udalak. Eskuorrian zehazten da erakusketa jarri nahi izanez gero, norekin jarri behar den harremanetan. Eskuorri honen 1.500 ale argitaratu dira eta momentuz, erakunde hauetara bidali da erakusketa jartzeko gonbita: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 302 udaletara eta 205 kultur etxetara. Bestalde, erakunde gehiagotara bidaltzeko asmoa ere badago, Iparraldera edo Kataluniara, adibidez.

Erakusketak kultur ikuspuntutik duen balioa ikusita, erakusketa nonbait jartzen denean, modu txukun eta egokian jartzea nahi du Udalak. Horretarako hitzarmen bat sinatzen da erakusketa jartzen duenarekin, beti ere erakusketaren egokitasuna bermatzeko helburuarekin.

Urnietan dago egun

Erakusketa Usurbilen jarri zenez geroztik Usurbildik kanpora lehenengoz orain atera da. Azken egunetan Urnietan egon da ikusgai. Urnietako Udalak omenaldi ziklo bat egin dio Lurdes Iriondo kantari, idazle eta Ez dok Amairu taldeko kideari. Omenaldi horretarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte eta horietako bat Ez dok Amairu erakusketa izan da. Usurbilgo erakusketari Lurdes Iriondoren txokoa gehitu diote Urnietan eta gehitu zaion txoko hori aurrerantzean ere erakusketaren barruan sartzeko hitz egiten ari dira.

Erakusketak 60ko hamarkadan sortu zen eta euskal kantagintza berriaren ordezkari izango zen Ez dok Amairuren aurrekariak, sorrera, garapena eta banatzea azaltzen ditu. Garai hartan aire berriak zebiltzan munduan, kantagintza berritzen ari zen eta kantautoreek indarra hartu zuten. Euskal Herrian orduan bakarka zebiltzan kantariak bilerak egiten hasi ziren elkarrekin lan egiteko asmoarekin. Oteizari bururatu zitzaion Ez dok Amairu izena talde honentzat eta ikurra Remigio Mendiburu eskultoreak egin zuen: txalaparta bat. Taldearen inguruko dokumentu, idatzi, argazki, grabaketa eta bideoek osatzen dute eta Jexux Artzeri eskainitako txoko berezia ere badu.

Erakusketa hau Urnietako Lekaio Kultur Etxean dago ikusgai urtarrilaren 14a bitartean 18:00etatik 21:00etara astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara larunbatetan.

Beraz, Urnietako erakusketa hau amaitzen denean eta edozein udal edo erakundek eskatuta, Euskal Herriko gainontzeko herrietan ere ikusi ahal izango dute hemendik aurrera Ez dok Amairu erakusketa Usurbilgo Udalari hala eskatuz gero.

Bestalde, Jexux Artzeren heriotzaren 5. urteurreneko ekitaldiak prestatzen hasia da Jexu Artze Kultur Elkartea. Azken urteetan bezala maiatzerako ekintza desberdinak antolatzen hasiak dira.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS