AZKOITIA. DV. Kimue herri plataformak Olinpiako etxearen inguruan duen jarrera argitaratu zuten prentsaurreko baten bidez. Bertan hau zioten: «Kimueko aldizkarian, Olinpiako etxe-jabeei presio egiteko gezurretan aritzea leporatu genien, etxe-jabeekin bilerak egiten aritu ziren udal ordezkariei. Ondoren, Hitzan argitara emandako albistean, alkateak gezurra esatea leporatu zigun, Olinpia inguruko proiektuaren apologia eginez, baina eskatu genizkion azalpenak eman gabe. Kimuek ez du gezurrik asmatu, eta gure salaketaren oinarria abokatu baten hitza da. Kimue ez dela Olinpiako etxea botatzearen aurka agertu, ezta ere, San Martin eta Olinpia atzean egin nahi den irisgarritasun proiektuaren aurka. Olinpiako etxe jabeek etxea bota nahi badute, Kimuek erabakia babestuko du», zioten.
«Guk salatu genuena, eta oraindik salatzen jarraitzen duguna -jarraitu zuten- Udalak prozedura horretan izan duen jarrera da. Udal ordezkari politiko batek eta Udal teknikari batek etxejabeekin egindako bileran, etxe-jabeen erdiak ados egonda, Udalak etxea botatzeko baimena eman ahal zuela esan zien, presioa eginez. Etxe-jabeak promotorearekin negoziatzera bultzatu nahian. Eta hori ez da horrela. Alkateak ezetz badio ere, gu ez gaude hain ziur PNVk eta Udalaren izenean dabilenetako batek etxe horretan interesik ez dutela».