USURBIL. DV. Udalak eskuartean du Kale Nagusitik Kalezarrera doan zubi zaharra kendu eta eremu hori berritzeko proiektua. Oraindik obra hau egiteko esleipena egin gabe badago ere, duela gutxi hirugarren kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak. Bertan, Kale Nagusia eta Kalezar lotzeko espaloi berri bat egiteko 275.000 euroko partida berri bat sortu zen.
Kale Nagusiko urbanizazio berritze lanak egiten ari direla eta, obra hauei amaiera egoki bat eman ahal izateko N-634 errepidetik Kale Nagusira dagoen sarrera berritzea eta moldatzea erabaki du Udalak. Foru Aldundiaren Errepide sailarekin elkarrizketak eduki ondoren adostasun batera iritsi ziren Kale Nagusiak N-634 errepidearekin duen lotunea ezabatzeko, hau da zubi zahar azpiko Aginaga alderako irteera. Horrek Kale Nagusia eta Kalezar lotzeko espaloi berri bat egiteko aukera eskaini zien eta horixe gauzatzea da Udalaren asmoa.
Proiektu honen bidez,urteetan zehar Kalezar aldera oinez edo ibilgailuz joateko bideetako bat izan den zubia kendu egingo dute. Proiektuak dioenez egoera erorkorrean, pitzaduraz betea eta armadura erdoilduak dituen igarobidea eta bertara igotzeko dagoen bidea kenduko dituzte.
Horrez gain, Kale Nagusitik N-634 errepidean Aginaga aldeko norabidean sartzeko dagoen irteera ere kenduko dute. Honela, norabide bikoitza egongo da, inguru horretan garaje eta lokal dexente daudelako, baina bukaeran berriz ere Usurbil aldera joateko norabide aldatzeko eremua jarriko dute. Azkenik, Kale Nagusitik Kalezarrera joateko oinezkoentzako espaloi mailakatua jarriko dute, baina errepidearen beste aldean, Oxtape aldean. Kalezar aldera oinez joateko aukera izateaz gain, Usurbilgo sarrera itsusitzen duen hormigoizko pareta edertzeko helburua du proiektu honek.
Kalezar aldera joateko bide hau ibilgailuek eta oinezkoek ibili izan dute urteetan zehar, baina azken hilabeteetan ibilgailuentzat pasabidea itxita egon da. Oxtape atzean dagoen bide berritik joan behar izan dute Kalezarrera.