2002ko maiatzaren 4an hil zen Jexux Artze txalapartaria. Txoriaren antzera, isil-isilik eta txintik atera gabe joan zen hain estimatua zen Jexux Artze. Ez ziren lo egon usurbildarrak eta berehala prestatu ziren lehen ekitaldiak 2002ko Santixabel jaien egitarauaren barnean. Hain zuzen, festen bukaeran bere omenezko lehen ekitaldia antolatu zen. Handik gutxira bildu zen lehen aldiz Jexux Artze Kultur taldea, eta hantxe sortu zen bere heriotzaren lehen urteurrenarekin batera ekitaldi mamitsuagoak antolatzeko xedea.
Asmoetako bat Jexux Artzeri buruzko erakusketa bat atontzea zen, baina prestatzen hasi eta laister konturatu ziren hobea eta osoagoa izango dela bera partaide zen Ez dok Amairu taldeari buruzko erakusketa egitea.
2002ko ekainetik 2003ko apirilera bitartean asmo hori egi bihurtzeko lanetan ibili zen Jexux Artze Kultur Elkartea. Bibliografia kontsultatu (liburuak, komunikabideak...), disko zaharren azalak, grabazioak eta kanten letrak, dokumentu originalak digitalizatu (argazkiak, jaialdien txartelak, zentsurako agiriak, posterrak)... Hori guztia bildu eta txukun antolatzen lan izugarria egin zuten 10 hilabeteko epean. Saiatu ziren jaialdi edo emanaldien filmazioak lortzen, baina badirudi inon ez dagoela horrelakorik.
Azkenik, 2003ko apirilaren 22an ireki zituen ateak Ez dok Amairu erakusketak Udarregi ikastolako Aretoan.