AZPEITIA. DV. Emakumeen artean kirol praktika sustatzeko ekimen berri bat abian jarriko du Azpeitiko Udalak. Aurrez bizikletan egoki ibiltzen ikasteko saioak antolatu eta 'Emakumeak ere pilotari' ekimena bultzatzen lagundu ostean, oraingo honetan atletismoa, eta zehazki korrika egitea, da herriko neska eta emakumeen artean bultzatu nahi den kirol jarduera.
'Zuk ere ahal duzu! Etorri lasterka egitera' leloarekin, sei asteko ikastaro moduko bat prestatu dute Udaleko Kirol sailetik, adin guztietako emakumeei zuzenduta. Prestatutako monitore batek gidatuko du ekimen berri hau, eta parte hartzera animatzen diren emakume guztiei korrika egiten hasteko beharrezkoa duten laguntza guztia eskainiko zaie. Izan ere, ekimen berria normalean korrika ibiltzen ez diren emakumeei ere zuzentzen zaie, kirol mota hori proba dezaten eta korrika egitearen «onura eta abantailak goza» ditzaten. «Osasun egoera egokian» egotea litzateke baldintza bakarra
Astean bitan
Onura horietako batzuekin zerrenda bat ere osatu dute antolatzaileek ekimenaren berri emango duen esku-orrirako: apetitua eta pisua kontrolatzeko laguntza, osasun fisikoarekin (gihar-tonua eta indarra hobetzeko, kolesterola, presio arteriala edota diabetea kontrolatzen laguntzeko) eta burukoarekin (tentsioak eta estresa kontrolatzen laguntzeko, pentsamendu baikorra eta autoestimua suspertzeko) lotutako onurak eta, gainera, taldean aritzearen atsegina eta berari lotutako balore guztiak.
Lasterkari ekiten animatzeko balio nahi duen ekimen honek iraungo dituen sei asteetan astean bitan egingo dituzte saioak parte-hartzaileek. Hain zuzen ere, asteartea eta osteguna dira proposatzen diren egunak, eta bi talde antolatuko dira, bata goizekoa (10:00etatik 11:00etara) eta bestea arratsaldekoa (17:30etatik 18:30etara).
Helburu moduko bat ere jarri dute antolatzaileek, animatzen diren guztientzako: Donostiako Lilaton lasterketan parte hartzeko gaitasuna lortzea. 5 kilometroko proba hori emakumeei zuzendutakoa da eta martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan egiten da.
Doanekoa
Ekimenean parte-hartzeko ez da ezer ordaindu beharrik egongo. Izen ematea zabalik dago, hiru aukerarekin: Udaleko Kirol sailera deitu (943 157200), igerilekuan, kiroldegian edo Zapo Txokon jarriko diren izen emate orriak bete, edota datorren urtarrilaren 16rako deituta dauden bilera informatiboetan aipatutako orria bete eta monitoreari zuzenean ematea. Igerilekuan egingo dira egun horretan bi bilerak, 10:00etan eta 17:30etan.
Bertan, ekimenaren xehetasun guztiak argituko dira.