Jueves, 26 de octubre de 2006
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

BAI HORIXE
Mendiko haizearen hitzak
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

Haizea negarrez dabil, hegaldaturik, noraez itxurazkoan. Haizea, egunotan, zurrunbilo urdin batean dabil, itsasoa enbatatuz, horbelen suak hartuta. Hegoalderantz jotzen du, irmo, bidean diren espaloi eta izkinak oro berarekin eramanez, eta behiak eta leihoak eta basoetako piztia ttikien azantza isila. Legez kanpoko abailan dator eta doa, puntu kardinalak aldrebestuz, belazeak desorraztuz, geure buruen egonarria aztoratuz.

Haizea, haize burrundara, ez da hiritarra, ez ditu uler-tzen urbanismoaren legeak eta formulak, ez daki zer den auto baten ibilera zardaia. Mendian da haizea haizeago, itsasoaren bularretan.

Haizea baina, orain, txori-haize da, usoen haragi, eta saldo erraldoi horren guztiaren ugazaba eta erantzule da, arduradun eta gudaroste, eta arriskua mendietan dago egun gorrikaraotan, gailur ezkutuetan, pinudi mozorrotuetan, sastraka sarri itsusietan.

Uso eta birigarroen gidari da haizea, onik eraman behar ditu mugara edo erbestera, paraje beroen altzora, eta horretarako jaso egin behar ditu birikak, goren-gorendik ufa egin, lainoetaruntz, eta berunezko bideak saihestu, lasterbidak urratu, arintasunaren opari berdingabea aprobetxatu.

Galduko ditu, hala ere, bidazti-lagunak, ehunka eta milaka, baina gehiago izanen dira, beti, lumaz eta mokoz osorik iritsiko direnak, osorik eta kumeez beterik, haizea atzera izan dadin gidari eta erauntsi, udazkena biluztuko duen soineko.

 
Vocento