M ikologiak kolpea jo du. Ez dago beste konturik baso-bazterretan, eliz-atarietan, elkarte gastronomikoetan. Nafarroan jo du batik-bat, Euzkadin beraz, eta onddo ezinago euskaldunak jaio dira, apartekoak, berdingabeak, ikatza bera ere baino beltzagoak. Mikologiak kolpea jo duela esan dut, baina akaso, zuzenago, mikologoek jo dutela kolpea esan behar nuen.
Basoari eta oihanari, zin-tzilik zeuzkaten saski hautsak hartuei, denei jo diete makilazoa perretxiko-harrapatzaileek. On da eta ongi dago naturak oparitzen diguna bihotzez bil eta esker dezagun. Neu ere ibili naiz oihan udazkenduetan, Gipuzkoako partean, eta niretzat ez da kolperik izan. Dozenatxo bat onddo bildu nituen lau orduko ibiliaren ondoren. Orduko hiru beraz. Ez da marka estratosferikoa, baina ni ez naiz onddoak kiloka edo libraka jasotzearen aldeko, abusoa ez delako gizalegea, eta dena nahi duenak azkenean arima eta pneuma eta kontzientzia eta ifarra gal-tzen dituelako, zuhurkeria hu-tsez. Dirua tartean dabilenean, malo.
Eta hau ere, mikologia esan nahi dut, negozio bilakatu da, diru-iturri oparo, pagotxa goxo. Ni ez naiz ezer saltzearen aldeko; saldu, txerreni salduko nioke bihotza soil-soilik, ordain eskuragaitz baten trukean. Ezer besterik ez. Ezta nire liburuak ere. Baina nire liburuek ez dute, jakina, mikologiarekin zerikusirik. Ez dute inoiz kolperik jotzen, ez Nafarroan, ez Gipuzkoan, ez zazpi probintzien baitan. Mikologiak, aldiz, jo du bai kolpea. Nire liburuek ez bezala. Eta gaur, festa handia dugunez, kolpearen bila irtengo naiz atzera, eguna zabaldu arau, ea saskia betetzen dudan, ez esaten didaten onddoek nola ugal ditzakedan nire liburuen balio kulinarioak.