Berezia izango da aurten Otsoportillon faxistek eraildakoen omenezko ekitaldia

Andaren eskultura Otsoportillon.
Andaren eskultura Otsoportillon.

Irailaren 3an egingo den ekitaldia eta hurrengo urteetakoak elkarrekin antolatuko dituzte Sakanako 15 udalek

M. IMAZ

1936ko matxinatuen basakerien mapan atal berezi bat behar du Urbasak, zenbatu gabe baitaude oraindik han hil eta botata utzi zituzten gizon eta emakumeak. Inguru horretan ugariak diren leizeetara bota zituzten asko; beste batzuk, berriz, Pilatosen balkoia izeneko amildegitik behera bota zituzten. Gehienak Sakanako herrietakoak ziren, baina gipuzkoarrik eta arabarrik ere bazen tartean. Beti entzun izan dira krimen izugarri haien inguruko kontakizunak Urbasan, beti ezagutu dituzte familiakoek eta hurbilekoek han eraildakoen izenak, baina urte asko igaro behar izan dira apurka-apurka memoria, eta gorpuren batzuk, berreskuratzen hasteko. Urbasan gertatu ziren izugarrikeria asko Altsasu Memoria blogean eta beste hainbat iturritan daude bilduta.

1980 urteaz geroztik, zenbait eraildakoren familiak, Etxarri Aranatzeko Udalaren laguntzarekin, oroitzapen eta omenezko ekitaldia egiten hasi ziren irailaren aurreneko igandean Otsoportillon. Jose Ramon Anda Bakaikuko artistaren eskultura ere jarri zuten puntu horretan (maiz egin diote eraso, bide batez), eta urtez urte bertan joan dira gogoratzen eta salatzen Otsoportillon ez ezik Urbasan eta Sakanan gertatutakoa, eta biktimen memoria omentzen.

Aurtengo ekitaldia berezia izango dela iragarri dute, aurrerantzean Sakanako udalek elkarrekin antolatuko baitute honezkero memoria historiakoaren arloan erreferentziazkoa bilakatu den ekitaldia. Lankidetzaren xehetasunak batek izan ezik gainerako guztiek martxoan sinatu zuten hitzarmenean jaso zituzten. Sinatzaileak izan ziren, hain zuzen, Etxarri Aranatz, Uharte Arakil, Altsasu, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Lakuntza, Olazti, Urdiain, Ziordia, Irañeta, Arakil, Arruazu, Arbizu eta Irurtzungo udalak.

'Faxismoaren aurkako eta oroimenaren aldeko' ekitaldia 12:30ean hasiko da. Aurten Lakuntza eta Arruazuko udalei egokitu zaie antolakuntza, urtez esku esku desberdinetanegongo dela ardura hori.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos