Diario Vasco

EAEko eredua erakutsi die EUDELek Eskoziako udalerriei

EAEko egoera aurkeztu zuen EUDELen ordezkariak.
EAEko egoera aurkeztu zuen EUDELen ordezkariak.
  • Toki autonomiaren ereduari buruzko gogoeta egiteko eta definitzeko prozesuan daudela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko autogobernuko sistema ezagutzeko interesa adierazi dute

Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Edinburgon egiten ari den Eskoziako tokiko hautetsi garrantzitsuenen urteko konferentzian hartu du parte, Austriako eta Europako Batzordeko ordezkari politikoekin batera. Eskoziako udalerriak toki autonomiaren ereduari buruzko gogoeta egiteko eta definitzeko prozesuan daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko autogobernuko sistema ezagutzeko interesa adierazi dute; izan ere, Europako deszentralizatuenetakotzat eta aurreratuenetakotzat hartzen dute. Egun hauetan, 32 kontzejutan (Scotish councils) edo tokiko unitate administratibotan hurrengo urteetan garatu beharreko toki gobernantzako eredua aztertzen eta sakontzen ari dira.

'Local Government: Leading Reform' izenburupean, hitzaldiak araudian, prozesuetan eta metodologietan oinarritzen dira, Eskoziako toki gobernantzari gidaritza berria emateko. Zehazki, toki gobernuen ‘jabekuntzari’ eta Europako udalerrien aniztasuneko bizikidetzan laguntzeko moduari buruzko mahai-inguruan hartu du parte Ibon Uribek, EUDELen izenean.

Bi sistemen artean ezberdintasunak egon arren, Eskoziako tokiko erakundeek EAEko instituzioen eredu berezia eta funtzionamendua xehetasunez ezagutzeko interesa adierazi dute, batez ere gobernuko mailen arteko (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) kooperazioari nahiz udal finantziazioko mekanismoei eta Kontzertu Ekonomikoaren gure eredu berdingabeari dagokienez.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen ardatz garrantzitsuenak garatu ditu Ibon Uribek. Legea Euskadiko udalen legealdi honen hasieran onartu zen, eta Toki Autonomiari buruzko Europako Gutunean oinarrituta dago. Horrez gain, udal eskumenak, finantziazioa eta erakundeen arteko kooperaziorako funtsezko organoak elkartzen dituen ikuspuntu integrala hartzen du barne.

Eskozia erreforma bidean

EUDELen ordezkariak Euskadiko arkitektura instituzionala behin betiko ixteko arauak ezartzen duen garrantzia azpimarratu du, batez ere XXI. mendeko euskal udalgintzaren etorkizuneko urratsak sustatzeko tresna gisa. Ibon Uribek Euskadiko toki gobernantzaren ibilbide berria irekitzen duen Legea izatearen garrantzia defendatu du, Eskoziako homologoen aurrean. Lege horrekin, udalerriak ikusarazi eta udalerriei pisu handiagoa eman zaie. Era berean, Legea ezartzeak udalei erronka garrantzitsuak ekarri dizkie, eta EUDELen konpromisoa azpimarratu du, benetako protagonisten eskutik (alkateak eta zinegotziak) prozesuko buru izan dadin.

2016ko tokiko aginteen konferentzia (COSLA) Eskoziako eta Europako tokiko demokraziarentzako une erabakigarrian egin da. Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak izan eta sei hilabete baino zertxobait geroago, 2017an tokiko hauteskundeak egingo dira, eta duela gutxi izan da erreferendum britainiarra ere. Hortaz, Eskoziako erakundeek arretaz so egiten diete epe luzean erabaki horrek ekarri ditzakeen ondorioei.

Egoera politiko honetan, eta aurrekontuen doikuntza garrantzitsuek markatutako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, tokiko konferentzian aztertzen ari diren etorkizuneko tokiko erreforma eztabaidatzeko abagunea da, bertan parte hartzen baitute Eskoziako parlamentuko alderdi guztietako ordezkariek.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate