Zuekin, Etiopiatik, Fekat zirkua

Erritmo biziko akrobaziak dira zirku honen ezaugarri nagusietako bat..
Erritmo biziko akrobaziak dira zirku honen ezaugarri nagusietako bat..

Zirkua gizartea aldatzeko tresna gisa garabilen konpainiak datorren larunbatean, uztailak 28, eskainiko du bere ikuskizuna Donostian

Fekat Circus konpainia ez da dozena bat frankiziatan banatuta mundua korritzen duen ikuskizun erraldoia. Ez da herrialde aurreratu batean sortua. Kable eta efektu berezitan oso gutxi gastatzen du... Fekat Circus herrialde pobre batean sortua da, Etiopian. Egoitza eta eskola Addis Abeban dituen konpainiak ikuskizun bikainak eskaintzen ditu 2004an sortu zenez geroztik, baina ekimenaren helburua ez da soilik konpainia aparta izatea, zirkuaren bitartez aurrera egiteko aukea eman baitiete bazterturik edo bazterketa arrisku larrian zeuden gazte askori.

Baliabide faltagatik Etiopiako zirku sozial nagusia den Fekat Circusen etorkizuna arriskuan dagoen honetan, Donostiara itzuliko da datorren larunbatean, uztailak 28, Europan barrena egiten ari den biraren baitan. Donostiako Udaleko Lankidetza ordezkaritzak, Amara Zaharreko Festen antolatzaileekin batera, ekarri du ikuskizuna Donostiara. Emanaldia larunbateko 18:00etan izango da, Easo plazan.

Europako biran eskaintzen ari den 'The Rise of the Full' ikuskizuna eskainiko du. Zirku-ikuskizun txundigarria da, taldea osatzen duten zortzi artista etiopiarrek egina eta Creatividad Solidariak ekoiztua. Afrikako artista trebeziaz, indarraz eta teknika landuaz gozatzeko aukera eskaintzen du aireko saioak eta erritmo bizi-biziko akrobaziak uztartzen dituen ikuskizunak.

Fekat Circus-ek 'loratzen ari den zirkua' esan nahi du amhareran. Zirkua gizartea aldatzeko tresna moduan erabiltzen du. Esan bezala, zirku-eskola horretan, urtero, gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden 250 adingabek baino gehiagok irteera bat aurkitzen dute beren errealitatea hobetzeko eta hiriko pobreziatik ihes egiteko. Entrenamenduez eta eskolez gain, zirku-eskolan aholkularitza ematen zaie familiei, Etiopian haurren eskaletasuna arazo handia da-eta. Eskola horretan, talentu handiko artistak trebatu dira, gaur egun oso maila handiko zirkua egiten dutenak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos