Udako jantziz jarraitzen du Getariako Cristóbal Balenciaga museoak

Urtarrilera arte dago ikusgai ''Rachel L. Mellon Collection' erakusketa. / Usoz

Hurrengo ekitaldi berezia haurrei zuzendutako proposamena izango da. Hilaren 17an iritsiko da, Musika Hamabostaldiaren eskutik

2017ko udak aste asko dauzka oraindik aurretik. Era berean, asko dauka oraindik eskaintzeko Getariako Cristóbal Balenciaga Museoaren udako programazio bereziak. Ekitaldi berezienetakoa izan daitekeen gaueko bisita igaro bada ere, badira oraindik jarduera bereziak. Hurrengoa abuztuaren 17an iritsiko da. Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik, ipuin-kontalari batek formatu txikiko ikuskizuna eskainiko du, musikaz lagunduta. 'Kantu Kontari' 2 eta 8 urte bitarteko neska-mutikoentzat dago pentsatuta, eta, horri esker, entzuteko gaitasuna garatu nahi da, musikaren eta ipuinen bitartez. Ikuskizuna euskaraz izango da eta ordubete iraungo du: 18:00etan hasiko da, eta doakoa izango da. Ana Apikak kontatuko ditu ipuinak, eta Intxixu Valbuena izango du lagun gitarrarekin.

Jakina denez, bestalde, Cristóbal Balenciaga Museoak eta Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kutxa Fundazioarekin eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan, mugikortasun murriztuko pertsonaz osatutako taldeen sarbidea ahalbidetzeko eta gizarteratzeko plana jarri zuten abian. Horri esker, parte-hartzaileek bisita gidatua egingo dute Getariako jostunari eskainitako museoan, haren sorkuntza-lan bikainak ikusteko eta herriko ondare kultural eta natural aberatsaren berri izateko.

15 laguneko talde txikiei eskainitako proposamen hau uztailean, abuztuan eta iraileko lehen hamabostaldian egongo da eskuragarri. Proposamena Museotik abiatuko da, gidari baten eskutik, orain ikusgai dagoen Rachel L. Mellon Collection erakusketan sakontzeko asmoz. Museoa bisitatu ondoren, taldea Malkorbeko hondartzara joango da. Hondartza polita da, oso ur lasaikoa. Hondartza-denboraldian, bandera berdea izaten da nagusi bertan, eta ezin egokiagoa da bainu egokiturako.

Beste alde batetik, plan konbinatuen programak aurrera jarraitzen du udan; horrela, bisitak eta jarduerak egiten dira, museoaren bisita esperientzia ahaztezina izan dadin. Horien artean, bisita konbinatua egiten da museora eta Getaria herrira, eta bertako gastronomia ezagutzeko aukera ere badago; horretarako, museora egindako bisitaz gain, txakolin-upategi bat eta Kantauri Itsasoko kontserba-fabrika tipiko bat bisitatu daitezke. Era berean, tailerrak eta nahierara egindako bisitak ere badaude. Informazio zehatzagoa, museoaren webgunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos