Nafarroa, proposamen erakargarriz beteta abuztuan

Iazko Burdinaren Eguna Urdazubin. / A.D.C.

Burdinaren Eguna Urdazubin, maldan beherako entzierroak Faltzesek, Orhipean jaialdia Otsagabian, Artzai Eguna Uharte-Arakilen, aitzur jaurtiketa Martzillan...

EAEko hiru hiriburuak ez ezik, Euskal Herriko herri asko daude eta egongo dira festatan abuztuan zehar, eta bestela ere asko areagotuko dira oporretan daudenei zuzendutako jai, kultur eta aisialdi proposamenak. Nafarroako Gobernuak lurralde horrek hurren asteetan eskainiko duen onena laburbildu eta jaso du, oporretan egon arren etxetik gehiegi aldendu nahi ez dutenek kontuan har dezaten eskaintza zabal eta askotarikoa.

Hitzorduetako bat asteburu honetantxe gauzatuko da: Urdazubiko Burdinaren Eguna. Larunbatean, abuztuak 5, egingo den jaiean herrian gogora ekarriko du zein garrantzitsuak izan diren Urdazubiren historian San Salbatore monastegia eta horren burdinolak. Ekitaldi nagusian, herritarren parte-hartzearekin, erakutsiko da nola iristen zen herrira Bizkaiko meategietatik ateratako burdina.

Horrez gain, Faltzes, Tafalla, Otsagabia, Martzilla eta Uharte-Arakilek udako festa deigarrienetako batzuk prestatuko dituzte abuztuan zehar Nafarroan. Honako aukera hauek azpimarratu ditu Nafarroako Gobernuak:

Faltzesko entzierroak Nafarroako jai-agendako nahitaezko ekitaldien artean daude. Herriko zaindariaren jaietan, abuztuaren 13tik 20ra , zezenen aurrean egiten den 800 metroko lasterketa harrigarria da Piloneko entzierroa, aldapan beherako ibilbide estu eta malkartsuan. Korrikalariek ausardia frogatu behar dute, alde batean mendia eta bestean amildegia daudelako.

Berbenek, kontzertuek, peñek, nobilladek eta zezenketek betetzen dute Tafallako Jaien programazioa abuztuaren 14tik 20ra bitartean. Aipagarriak ere bere zaindari Jasokundeko Andre Mariaren eta San Sebastianen omenez egiten dituzten ekitaldi erlijioso nagusiak (Salberako Igoera), dantzariek, dultzaineroek, txistulariek eta erraldoi eta kilikien konpartsak ere bertan parte hartuz.

Oripehan izeneko jaiak, Otsagabian, Nafarroako jaien beste alderdi bat erakusten du. Uda guztietan bezala, abuztuaren 26an herriak duela 100 urte zuen bizimodua gogoratuko da. Auzotarrek antzinako ohiturak berreskuratu eta erakutsiko dituzte, adibidez matatxerria edo gari-jotzea. Garbitzaile, irule edo bizarginen eguneroko zeregina ere antzeztuko dute, lanbide horiek herrian aspaldi desagertu baitziren.

Nafarroa mendebalderantz gurutzatuz, Uharte-Arakilek asteburu berean, abuztuaren 27an, Artzai Eguna ospatuko du. Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatua, artzainen bizimoduaren omenez egindako jarduera ugariz gozatzeko aukera izango da, besteak beste, artzain txakurren lehiaketa, herri kirolak, ardi-haragien gisatuen lehiaketa, ardien motzaldia, eskulangintza-azoka, eta ardi-gaztaren elaborazio tradizionala.

Egun berean, abuztuaren 27an, Martzillan Rabiosa Jaurtitzea egingo da. Nekazaritza eta kirola elkartzen dituen lehiaketa da, eta bertan parte-hartzaileek zainzuri-laboreetan erabiltzen den aitzurra jaurti behar dute Martzillako gazteluko babes-erretenean, ahalik eta urrunen iristen ahaleginduz. Abuztuaren 27an (igandea), David Miqueleiz atleta nafarrak 37,60 metroan ezarritako errekorra gainditzen saiatu beharko dira lehiakideak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos