Lau musika-proposamen ostiral gau baterako

Tenpora taldea osatzen duten bost kideak, iazko urrian Donostian./ARIZMENDI
Tenpora taldea osatzen duten bost kideak, iazko urrian Donostian. / ARIZMENDI

Juan Mari Beltran, Tenpora, Nerabe eta Eraul edo Zartako-K eta Txorroskiko entzutera joateko aukera dago Donostian

Musikaren aldetik badago non aukeratu ostiral honetan, maiatzak 4, Donostian, ia ordu berean lau aretotan beste horrenbeste euskal talde eta musikari ariko baitira, estilo desberdinetakoak. Herri musikari lotua, Juan Mari Beltran, zeinak 'Hots-larretan' aurkeztuko duen, 20:00etan, Kultxa Kultur Klubean. Ixiar Jauregi eta Errege Beldarekin batera arituko da Beltran, eta Andoni Salamerorekin olerkiek ere badute tokia «gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat» izan nahi duen proiektuak. Hots eta doinuen elkartze horretan, entzun ahal izango dira «Isturitzeko leize-zulo edo harpeko hezurrezko flautak eta biolontxeloaren hots barnerakoiak, adarren deialdi sakonak, txorien kantuak bezalako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta makilen eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta txanbelaren oihua, txistua, klarinetea, dultzaina...».

Ordu berean, 20:00etan, Antigua auzoko Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, Tenpora taldeak joko du. Bost urte daramatzate elkarrekin, eta tarte horretan estudioko bi disko atera dituzte, 'Mundu berria' 2015ean eta 'Itzulika' iaz. Urte hasieran aurkeztu zuten bigarren horrekin datoz Donostiara Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak) eta Elene Arandia (ahotsa). Tarteka jazz kutsua ere baduen pop-etik elektronikara-eta eraman dituzte kantak oraingoan. Beti erreparatu behar zaie gainera hitzei, egiteko horretan Karlos Linazaroso eta Harkaitz Cano izan baituzte lagun. Sarrerak hemen eros daitezke.

Hortik hurbil eta ordu berean, DOKA Kafe Antzokian 20:00etan, alegia, beste kontzertu berezi bat dute hamar urte bete dituztela ospatzeko. Gozotik gutxi duen Zartako-K talde nafarra ariko da. Aurretik Txorroskilo-k joko du. Kontzertu honetan ateratako dirua Altsasuko gazteentzat izango da.

Azkenik, 21:00etan, Dabadaba aretoan, Nerabe eta Eraul taldeek joko dute eta ondoren, itxierara arte, Djak ariko dira, Arbi Squad Dj izenpean. Nerabek aurretik Donostiako hainbat taldetan aritutako musikariak biltzen ditu, gazteak baina eskarmentu handikoak. Musika atsegina, 'Toki-on' diskoan bildu dutena. Talde zabala da halaber Eraul, Asier Beramendi donostiarraren inguruan eratua.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos