48 mintegitako landare bereziak ikusgai eta salgai Iturraranen

Aurten ere eskaintza erakargarria eta askotarikoa izango da./JOSE MARI LÓPEZ
Aurten ere eskaintza erakargarria eta askotarikoa izango da. / JOSE MARI LÓPEZ

Frantzia, Italia, Espainia eta Euskal Herriko ekoizleak izango dira asteburu honetan egingo den Landare Berezien 16. azokan

Kontinente guztietako landareak ikusi eta erosteko aukera izango da apirileko azken asteburuan Pagoetako Parke Naturaleko Iturrarango Lorategi Botanikoan. Foru Aldundiak antolatzen duen Landare Berezien 16. azoka ospatuko da eta 48 mintegi elkartuko dira, Frantzia, Italia, Espainia eta Euskal Herriko txoko ugarietatik etorrita. Landare asko gure artean ezezagunak badira ere, arazorik gabe lorategietan edo etxeko leihoetan zaindu ditzakegun kontinente guztietako lore eta landareak egongo dira ikusgai ea salgai. Arantxa Ariztimuño, Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak azaldu duenez «kolekzioko landare-zaleentzat huts egin ezineko zita bilakatu da, azken urteetan, Iturraranen ospatzen den azoka hau. Aukera paregabea izaten da ohiko azoketan aurkitzen ez diren landareak ikusteko eta erosteko eta, baita ere, negozio aukera da bertako mintegientzat. Ikusirik landare mota honek duen eskaera bertako mintegiak ere espezializatzera eraman ditu».

Zenbait berrikuntza eta ekintza osagarri izango dira Iturraranen ospatuko den Landare Berezien 16.azona honetan. Alde batetik, mintegizale berriak egongo dira, esaterako, Entresemillas, bildumako landareen haziak (Malaga),Dorchain Paysages Miniatures, miniaturazko paisaiak (Frantzia), Lacrouts Vivaces, landare bizikorrak (Frantzia), Todoplant, Hegoafrikako uda eta udazkeneko bulboak (Murtzia) eta Tres Turosn, ur-bazterreko bertako landaretza (Bartzelona). Bestalde, hitzaldiak eskainiko dira asteburuan zehar.

Adibidez, larunbat goizean, Inmaculada Porras biologaren eskutik 'Los patios de Córdoba' edo, igande goizean, Emilia Valencia argazkilariaren 'Fotografiando la Naturaleza: cómo optimizar las fotografías de nuestras flores y jardines'. Gainera, azoka ingurune paregabe batean kokatzen dela aprobetxatuz, Lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukeraz gain, bisita gidatuak ere eskainiko dira Biodibertsitatearen lorategira, larunbatean zein igandean.

Azoka goizeko 10etatik arratsaldeko 6ak arte irekiko da, bi egunetan zehar. Sarrerak azokaren atarian egongo dira salgai eta prezioa 4 eurokoa izango da helduentzat, eta 12 urte edo gutxiagokoentzat, berriz, dohainik. Prezioak barne hartuko ditu, aparkalekuetatik azoka gunerainoko autobusezko joan-etorria eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta eroslearen ibilgailuraino garraioa.

Estatu mailan ospatzen den ezaugarri hauetako azoka bakarra izanik, eta Euskal Herriko zein kanpoko bisitarien kopurua urtez urte handituz joan dela jakinik, parkearen inguruetan bi aparkaleku gune antolatuko dira (Aian eta Txurrukako aparkalekuan, Orio ondoan), hauetatik azokarako etengabeko autobus zerbitzuarekin. Aparkalekuetatik azoka gunera lehendabiziko autobusa 9:45tan aterako da, eta azkenekoa 17:00etan. Azoka gunetik aparkalekuetara, berriz, 18:15tan izango da azkena. Bestalde, trenez joango direnentzat ere Zarauzko Euskotren geltokitik autobus zerbitzua egongo da azoka gunera, 10:23etatik 16:23etara, orduro. Zarautzerako itzulerarako, berriz, lehenengo autobusa 10:45tan izango da, orduro, baita ere, 17:45ak arte.

Guzti honetaz gain, igande goizean ere azoka osagarria egongo da Aiako plazan. Bertan, 17 postu egongo dira landare eta landareekin zerikusia duten hainbat produktu saltzen: garaiko landareak eta usaindunak, sukalderako landareak, xaboi eta lurrunak, landare olioak, laborantza ekologikorako produktuak, artisauak eta hainbat produktu gehiago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos