«Euskal musikaren industriak errealitate dosi bat behar du»

Lide Hernando, taldeko beste kideekin batera./GALDER IZAGIRRE
Lide Hernando, taldeko beste kideekin batera. / GALDER IZAGIRRE

Lide Hernando donostiarraren taldeak 'Tenpluak erre' bigarren diskoa aurkeztuko du bihar Dabadaban

JUAN G. ANDRÉSDONOSTIA.

Soinua eta hitzak gogortuta itzuli dira Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra, perkusioa eta koroak), Joshka Natke (baxua) eta Iker Vazquez (bateria). 'Hauts' (2016) estreinako lanaren ondotik, bigarren zikloari heldu diote donostiarrek stoner soultzat jo genezakeen 'Tenpluak erre' (2018) diskoarekin. Hona hemen taldeko kantariarekin izandako solasaldia.

- Lehen diskoarekin konparatuta, zeintzuk dira emandako aurrerapausoak?

- Nabaria da soinua gogortu eta astunago bihurtu dugula. Aurreko diskoaren biran, oholtza gainean konturatu ginen gusturago ibiltzen ginela distortsio gehiago erabiltzen genuenean, oihu egiteko aukera genuenean, pixka bat 'desmelenatzea' lortzen genuenean. Gure publikoa ere oso gustura ikusi genuenez, kantu berriak intentsitatez igotzea erabaki genuen. Soinua gogortzearekin batera, letrak ere 'gogortu' egin direla esango nuke: zuzenagoak dira, garratzagoak, amorru handiagoarekin idatziak agian.

- Oinarrian, stoner rocka da estilo nagusia, baina soul kutsu handia sumatzen da kantetan, batez ere zure ahots boteretsuagatik, baita koroen garrantziagatik ere...

- Bigarren ziklo honi begira, gure soinua gogortzearen alde egon naiz beti, baina nire iturriak beti izan dira Beth Hart, Aretha Franklin, Sam Cooke... Ezin ditut nire mania soulzale horiek horren erraz ahaztu. Horretaz gain, ni beti mugitu izan naiz Donostialdean soula eta bluesa jorratzen duten artisten artean, eta disko honetan koroak nahi genituela erabaki genuenean, zuzenean zirkulu horretatik ezagutzen nituen Ainhoa Egiguren eta Lidia Insaustiri dei egin nien kolaboratzeko. Eta emaitza nabaria da.

- Musikariok ez dituzue gustuko etiketak, baina zuena 'stoner soul' izan liteke... Zer deritzozu?

- Begira! Lagun batek 'stoner soul' etiketa jarri zion diskoari, eta ez gara batere etiketazaleak, baina pixka bat gustatu zitzaigula onartu behar dut. Grazia egiten du, hasiera batean zerikusirik ez duten bi estilo baitirudite.

- Aipatuko al dituzu zuentzat garrantzitsuak diren erreferentziak?

- Liher orokorrean hartuz, gure erreferentziak askotarikoak izan daitezke. Bakoitzak baititu bereak: Queens of the Stone Age taldetik hasita Janelle Monaeraino. Disko honi dagokionez, esango nuke At the Drive In edota Kuraiaren zan-tzuak badaudela, baina asko gerturatu gabe. Nire partetik, bluesetik datozen taldeak gustuko ditut gehien; hala nola, Rival Sons eta Vintage Trouble taldeak, eta Beth Hart, Kimbra edo Alicia Keys bezalako artisten ahots indartsuak.

Hitzordua

Kartela
Liher.
Lekua
Dabadaba (Donostia).
Eguna
2018/3/3 (bihar).
Ordua
21.30ean.
Prezioa
6/8 euro.

- Esango zenuke asko aldatu duzula kantatzeko era?

- Esango nuke apur bat gehiago ausartu naizela disko honetan. Aurretik banekien indar eta konplexutasun maila handiago batera iritsi nintekeela, baina aurreko diskoaren tonuarengatik, edo nire segurtasun ezarengatik, ez nuen gehiago bortxatu. Azken lan honetan dena muturrerago eraman nahi izan dugu, baita ahotsetan ere, eta saiatu, behin-tzat, saiatu naiz.

- Nahiko gogorrak dira hitzak: «Libre zara itsasora daraman korrontea aukeratzeko / Arrain hilak bezalaxe» ('Arrain hilak'), «Jaiotzetik zupakiaz gain oparitzen digute gure hobia aitzurtzeko pala» ('Zamalagun')... Zer dela eta pesimismo hori?

- Ez nuke esango guztiz pesimista denik. 'Beltz gara', 'Ametsak ukigai' edo 'Oskol gogorrena' abestiaren bigarren erdiak mezu itxaropentsu eta grinatsuagoa dute, adibidez. Baina bai, nik normalean leku ilunetatik konposatzen ditut hitzak. Nire buruarekin pozik eta lasai nagoen egunetan, egun hori aprobetxatu eta kalera irteten naiz, ez dut letrarik idazten. Egun pesimista dudanetan, gelako zuloan sartu eta idazten hasten naiz.

- Promozioko orrian diozue en-tzulea 'asaldatu nahi izan duzuela. Zergatik?

- Uste dugulako euskal kulturak, eta gure kasura ekarriz, musikaren industriak, errealitate dosi bat behar duela, eta errealitate hori ez da en-tzuteko erosoa. Ez dugu dena ondo egiten gure kulturatik; esango nuke, gainera, gehiago egiten dugula gaizki, ongi baino. Euskaldun eta musikari izateagatik ez duzu ezer irabazia. Lanez lan erakutsi behar duzu artearekiko maitasun hori, dedikazio hori, eraberritzeko eta zalantzan jartzeko grina hori, eta gaur egun horretatik gutxi dago. Hori gure ustez!

- Zertan datza errealitate dosi hori?

- Betiko estilo eta egitura industrialetatik haratago sorkuntza asko dagoela esan nahi dugu, sortzaileen %99a ur azpian ezkutatuta dagoela eta ez dela batere ikusarazten. Beste edozein industriak egiten duen bezalaxe, musika sorkuntza merkantilizatu eta errentagarritasunaren baitan baloratzen da bakarrik, eta joera horrek kalte handia egiten dio arteari.

- Eta zeinen ardura da?

- Programatzaileen ardura da musika estilo ezberdinak eta «Errepika, ahapaldi, errepika-errepika-errepika» egituratik at dauden kantuak eta musikak ikusaraztea, gizartea entzuteko gaitasuna galtzen ari baita oso azkar. Musikariok ere badugu ardura, saltze erraza oso tentagarria delako, eta industriak «erraz kontsumitu eta ahazteko» musika egitera bultzatzen gaituelako, baina martxa honetan ondare oso pobrea utziko du gure belaunaldiak. Eraldaketa prozesua baliabideak dituztenen eskutan dago gehienbat. Musika tronpeteroa eta «arrakastaren formula» egiteak ez balu beste estilo batzuk baino sari gehiago emango, ez genituzke izango horrenbeste talde bata bestearen fotokopia direnak.

- Zeintzuk dira erre beharreko tenpluak?

- Ez dugu uste izen konkreturik esan behar dugunik. Aipatu dut euskal musikak errealitate dosi bat eta eraldaketa prozesu bat behar dituela, norabide berri bat aurkitzea. Hortik gero atera kontuak, eta bakoitzak bere tenpluak imajina ditzala.

- Efesoko 'Erostrato' artzainari dedikatu diozue azken kanta... An-tzinako Grezian Artemisaren tenplua erre zuen soilik fama eskuratzeko... Zer adierazi nahi izan duzue?

- Famak gure buruetan guk nahi izan gabe ere duen indarrari buruz idatzi nuen letra hori. Nik behin-tzat gai horrekiko zalantza asko izan ditut azkenaldian. Gure lana jendeak ezagutu dezan nahi dut, baina batzuetan, nire lan hori zabaltzeko moduak bilatzean, pertsona bezala dudan integritatea ahaztu eta 'celebrity' izatera jolasten duen maskara bat ipintzen dut. Ez dut batere gustuko hori, baina egia da zure lana zabaltzeko auto-promozio pixka bat egin behar dela. Noraino da moralki zilegi maskara hori erabiltzea?

- Hasiberriak zarete kasik. Zein da musikan aurkitu duzuen zailtasun nagusia?

- Errespetatua izatea esango nuke, oro har. Ulertzen dugu errespetua dirutan neurtzea ez dela parametrorik egokiena, leku askok, artistok bezala, diru aldetik arazo handiak baitituzte errentagarri izateko. Baina errespetua lanaren onarpenean, hori bai uste dut asko falta dela. Dirurik ez galtzea da beste erronka bat eta hori pixkanaka lor-tzen ari garela uste dut.

- Noraino gustatuko litzaizueke iristea bigarren disko honekin? Buru-belarri arituko zarete biran...

- Gustatuko litzaiguke jende gehiagorengana iristea, noski. Gure filosofia beti izan da ahalik eta gehien jotzea, baina auskalo, agian denborak gure egoera aldatuko du, eta kontzertu gutxiago jotzen bukatuko dugu... batek daki! Egiten dugunarekin disfrutatzea eta profesionalki hobetzea dira niretzat bi helburu nagusiak.

Temas

Zabalik

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos