Altzako Bertso Aroaren 18. edizioa ostiralean abiatuko da

'Erradikalak gara' emanaldia iragartzeko egindako kartela./
'Erradikalak gara' emanaldia iragartzeko egindako kartela.

Hainbat ekitaldi eskainiko dituzte apirilean zehar, horien artean emakumeak protagonista diren 'Erradikalak gara' eta 'Ez da kasualitatea'

Ana Labaka eta Beatriz Egiazabalen 'Erradikalak gara' ikuskizunarekin abiatuko da datorren ostiralean, apirilak 13, Donostiako Altza auzoko XVIII. Bertso Aroa. Altzania Kultur Elkartea, Altzako bertsozaleak, Bizarrain eta Donostia Kulturak osatu duten egutaraua apirilean zehar gauzatuko da.

Egiazabal aktorearen eta Labaka bertsolariaren artean sortutako ikuskizuna El Nido tabernan eskainiko da, 20:00etan. Helduei zuzendutako lana prestatu duen bikoteak dioenez, «bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara iritsi nahiean. 'Erradikalak gara' esango dizuegu. Eta 'nahi eta behar baino gutxiago' pentsatuko duzue».

Hurrengo hitzordurako apirilaren 22ra arte itxaron beharko da. Egun horretan, igandez, 'Berriak jaio ginen' bere liburuaz ariko da Jon Maia Herrera Kirol Elkartean. Ekitaldia 13:00etan hasiko da eta ondorenb, 14:00etan bertso-bazkaria izango da Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariekin.

Bazkarian bertan emango dira ezagutzera Altzako VIII. bertsopaper lehiaketaren irabazleak. Kontuan hartzekoa da apirilaren 15ean bukatuko dela lanak bidaltzeko epea.

Amaitzeko, apirilaren 26an bertso saio musikatua izango dugu Tomasene Kultur Etxean, iluntzeko 20:00etan: 'Ez da kasualitatea'. Azkeneko saioan, aurrenekoan bezala, garrantzi handia dute emakumeek. Izan ere, bertso-saio musikatu honetan lau bertsolari eta bi musikari aritu ohi dira, eta lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumeak izan ohi dira. «Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan derrigor dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu 'Ez da kasualitatea': umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa», diote. Bertsolariak aldatuz joaten dira batetik bestera, baina ekimeneak parte hartzen ari dira, besteak beste, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Ainhoa Agirreazaldegi, Miren Amuriza, Jone Uria, Oihane Bartra, Oihana Iguaran, edota Ane Labaka.

Jarduera horien guztien osagarri, apirilaren 23tik 28ra Titika Rekalten 'Zeihar soak' erakusketa ikusgai izango da Tomasene Kultur Etxean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos