Diario Vasco

Bertsolaritzaren ikergaiak aurkeztuko dira Amasa-Villabonan

Argazkian, Miren Artetxe
Argazkian, Miren Artetxe / XDZ
  • Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Aizpuruak beren ikerketa proiektuak ezagutaraziko dituzte. Hitzaldien ondotik, bertso-saioa eskainiko da

Amasa-Villabonako Subijana etxean bertsolaritzaren inguruan martxan dauden doktorego-tesiak aurkeztuko dira azaroaren ostegunean, azaroaren 10ean, 18:30etik aurrera: Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aizpurua ikertzaileek ezagutaraziko dituzte beren ikerketa-lerroak. Artetxek Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea lanaren nondik norakoak azalduko ditu; Iguaranek Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina; Agirrek Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunen; eta, Aizpuruak Bertsolaritzaren prosodia. 

Mintzolak zein UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek babestutako ikerketa lanak dira hauek. Miren Artetxek duela lau urte erakunde hauen artean esleitutako ikerketa-kontratua eskuratu zuen; Oihana Iguaranek eta Eñaut Agirrek aurtengo deialdikoa erdietsi dute; eta, Ainhoa Aizpuruak Mikel Laboa Katedrak eskaintzen duena bereganatu du. Hitzordu honekin ikerketa hauen berri eman eta bertsolaritza ikertzen dutenen arteko harremana eragin nahi dugu.

Hitzaldien ondotik, bertso-saioa izango da. Eñaut Agirrek bertso-zaharren emanaldia eskainiko du eta ondotik, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsotan ariko dira librean. Ekitaldi irekia eta doakoa izango da.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate