Diario Vasco

Eguraldi txarraz gozatzeko planak

Eguraldi txarraz gozatzeko planak
/ JOSEMARI LÓPEZ
  • Egunotarako aurreikusten eguraldi kaskarrari aurre egiteko, aterpean egiten diren zortzi plan proposatu dituzte Oarsoaldeko turismo bulegoek

Barnealdean, kostaldean, haurrekin, oinez, kultur giroan murgilduta, naturan... Oarsoaldeko turismo bulegoek ondo paketatuta aurkezten dituzte Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiak osatzen duten eskualdeak aisialdirako eskaintzen dituen aukerak. Eta, nola ez, eguraldi txarra ere izan dute kontuan. Hain zuzen ere, berez ez dira txarrak euria eta haizea, baina atsegina ere ez da giro euritsua atari zabaleko jardueretarako. Hori dela eta, aterpean egin daitezkeen zortzi plan bildu dituzte '8 plan eguraldi txarrarekin gozatzeko' eskaintzan.

1. Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita (Pasaia). Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita nahitaezkoa da zonaldeko itsas ondarea ezagutu nahi bada, eta gainera XVI. mendeko baleontzi baten eraikuntza zuzenean ikusteko aukera eskaintzen du. Bisita hau publiko guztiontzat da egokia (txikienek 'Txo' pertsonaia jarrai dezakete bisita hobeto ulertzeko eta era dinamikoago batean egin ahal izateko). Bisita osatzeko Trintxerpetik Albaolaraino eramaten duen barku estalia hartzea gomendatzen dute.

2.Victor Hugoren urratsen atzetik (Pasaia). Albaolatik barkua hartu eta Pasai Donibaneko ontziratokian jaitsi daiteke. Hortik metro gutxira Victor Hugo Etxea dago. Victor Hugok egun batzuk pasatzeko aukeratu zuen etxea museo txiki bat bihurtu da. Bertan, 'Victor Hugo, oroimenera bidaia' erakusketa iraunkorra dago, eta bertakoak izan diren hainbat elementu jasotzen dira, hala nola, idazleak ostatu hartu zuen logela. Bertan entzun ahal izango da etxe horretan bizi izan zuen eguneroko bizitza. Badago ikus-entzunezkoen gela bat XIX. mendeko Pasaia ezagutu ahal izateko Victor Hugo beraren azalpenaren bidez. Etxeko behe solairuan Pasaiako Turismo bulegoa dago.

3.Lurraren erraietara bidaia: Arditurri (Oiartzun). Euritakoa hartu eta Arditurriko bidegorrian barrena euripean ibiltzea askok gustuko duten plana da. Busti nahi ez duena kotxez heldu daiteke Arditurriko Meatze Guneraino, Oiartzunen. Han erromatarren garaitik ustiatu den meategi baten barruan sartu ahal izango da, eta meazuloan egiten den bisita gidatuan erromatar garaiko arrastoak eta orain arte egin diren aurkikuntza arkeologikoak ikusi. Meategi barruan tenperatura beti egonkor mantetzen da eta ondo babestuak egongo dira bisitariak euria egiten badu ere. Bisita Aiako Harri Parke Naturalaren Interpretatzio Zentroan hasten da eta ondoren meategi barruan jarraitzen du. Gainera, hurrengo bi planekin osatu daiteke.

4.Herri musika entzun Soinuenean. Oiartzungo Ergoien auzoan kokatua dagoen museo berezi honek herri musikako instrumentu bilduma handi bat dauka (1.400 baino gehiago) eta baita mundu osoko jostailuak ere, horietako asko bitrinetan jarrita daude eta gainera audiogida bisitaren bidez entzun daitezke, edo, nahi izanez gero, aurrez hitzartutako bisita gidatuaren bidez. Horretaz gain, liburutegia, fonoteka eta argazki-artxibategia daukate instrumentu guztiak hobe ikertu ahal izateko eta baita instrumentuak egiteko eta konpontzeko tailerra ere.

5.Euskal Herriko geologia historiari buruz ikasi. Soinuenea eta Arditurri artean da museoa. Luberri museo geologikoak bi gela tematiko ditu: Euskal Herriko geologia historiari buruzkoa lehena eta Oiartzungo bailara eta Aiako Harria Parke Naturalari buruzkoa bestea. Fosilen bitrinen artean eta panel informatiboei esker, gure geologiari buruz gehiago ikasi ahal izango dute bisitariek.

6.Spa batean erlaxatu. Oiartzungo bisita borobiltzeko hartu bainujantzia, txanoa, txankletak eta toalla Oiartzungo kiroldegian dagoen Elorsoro Spa Zentroan gozatzeko. Eskaintzen dituen zerbitzuen artean honakoak aipa daitezke: pedilbuioa, hidromasaje igerileku handia (kanpora ere atera zaitezke), eskoziar dutxa, terma, sauna, etab. Erlaxatzeko gunea eta osasunerako tratamendu oso egokia da.

7.Pintxoak Errenterian. Errenteriaren erakargarri nagusietako bat zalantzarik gabe gastronomia da, establezimendu eskaintza zabalarekin. Kasu honetan Errenteriako hirigune historikoan eta erdigunean dauden pintxo tabernetan zentratzea proposatzen dute. Taberna askok pintxo lehiaketetan parte hartzen dute urtean zehar, eta batek baino gehiagok sariren bat ere eraman du.

8.Lezoko bitxia. Lezora gerturatuz gero, Santo Kristo plazan dagoen XVII. mendeko izen bereko Basilika bisitatu behar da. Tenplu honen ateak zabalik egoten dira bisitariak barruan dagoen Santo Kristo bizargabekoaren irudi gotikoa miresteko. Gainera, herriaren erakargarri turistiko nagusienetakoa da hainbat arrazoiengatik: munduan Kristo bizargabe oso gutxi daudelako, eta gainera irudiaren agerpenaren inguruan dagoen kondairarengatik (itsasoaren inguru honetan flotatzen agertu omen zen). Mendeetan zehar, gainera, hainbat mirari egotzi zaizkion, eta horren eraginez bisitari ugari jaso izan ditu beti.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate