Diario Vasco

Patxi Zubizarretaren hitzak, musikaz eta marrazkiz emanak

Patxi Zubizarreta, liburua aurkeztu zuen egunean.
Patxi Zubizarreta, liburua aurkeztu zuen egunean. / ARIZMENDI
  • 'Laranja bat zaborretan' nobelarekin sortutako errezitaldia eskainiko dute astearte honetan Donostiako Victoria Eugenian

Patxi Zubizarretak orain dela urtebete aurkeztu zuen 'Laranja bat zaborretan', Elkar etxeak Ateko banda sailan argitaratu zuen helduei zuzendutako eleberria, Kairoko auzune pobreenean girotua. Auzokide gehienak bezala zaborretan eta zaborretatik bizi den protagonistari, Karabinori, zaborretan aurkituko duen laranja gozo batek emango dio une batez urrutitik ikusten duen goserik eta miseriarik gabeko mundu batera hurbiltzeko aukera. Laranjak tonaka usteltzen uzten dituen munduko biztanleentzat, berriz, Karabinok zaborretan aurkitutako laranja izan daitene gosea eta miseria nagusi diren urrutiko mundura hurbiltzeko atea.

'Laranja bat zaborretan' kolore askotako hariekin jositako istorioa da, ahots asko biltzen dituena. Liburuan ere entzuten dira, baina are argiago entzungo dira astearte honetan, urriak 25, 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan eskainiko den errezitaldian. Ekitaldia iragartzeko zabaldu duten oharrean diotenez, «'Laranja bat zaborretan' nobelarekin sortu den errezitaldi honetan Patxi Zubizarretak zaborretara botatako istorioak jaso ditu, ahaztutako poemak, halako espiritu kritiko sentsualetik».

Bertan, Patxi Zubizarretaren hitzak Felipe Barandiaranen ahotsean entzun ahal izango dira, eta Pello Ramirezen txeloak jarriko du musika. Beste esku-hartze garrantzitsu bat ere izango da, Mintxo Cemillán marrazkilariarena. Liburuan garrantzi handia dute Cemillánen ilustrazio koloretsuak. Ez dira bazter eta ertzetan jartzen diren osagarriak, istorioaren funtsezko zatiak baizik.

Errezitaldia doakoa da, jarlekuak bete arte jakina, eta Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira gonbidapenak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate