Diario Vasco

Askoren arteko Nokodek jaialdia Donostian

Aurreko edizio bateko irudia.
Aurreko edizio bateko irudia. / NOKODEK
  • Hilaren 6tik 8ra egingo den festaldia antolatzeko bat egin dute Guardetxeak, Kaxildak, Uliako Lore Baratzeek eta Dabadabak

Zazpigarren ediziora heldu da urriaren 6tik 8ra Donostian egingo den Nokodek Bideo eta musika festaldia eta antolatzaileen hitzetan sekula «eklektiko eta anitzagoa» dator. Eta elkarlanean oinarrituagoa, Donostiako kultur panorama biziberritzen ari diren lau eragileren lankidetzaren emaitza izango baita. Hain zuzen ere, Guardetxea, Kaxilda, Dabada eta Uliako Lore Baratzeak bildu dira eskaintza zabal eta berezia izango duen ekimenera.

Aurreneko edizioa, 2010ean, Banda Batek antolatu zuen eta Guardetxea izan zuen egoitza, bideosorkuntza izan zelarik ardatz nagusia, nahiz eta musikak eta performanceek ere izan zuten tokia. Gainerako hiru eragileak azken hamarkadan sortuak dira. Liburutegi bat eta jatetxe bat baino askoz ere gehiago den Kaxilda, Amara Zaharrean; jarduera askotarako espazio irekia izan arren ardatza musika duen Dabadaba; Uliako ur-biltegi zaharren inguruko eremuaren parke izaera aldarrikatzen duen Lore Baratzeak ekimena…

«Zazpigarren edizio honetan disziplina nahasketaren inguruan erne gabiltza ohi bezala. Aurtengo NOKODEK festaldiak kartel benetan anitza dakar, zuri beltz edukiek bere lekua dute, argilun eta kontraste iturriak. Betiko lez, bertako eta kanpoko artista gonbidatuak nahastuz, bai gertukoak bai nazioartekoak», diote, eta horretarako, denen artean, eta denen espazioak erabilita, ia denetarik biltzen duen egitaraua prestatu dute ostegunetik larunbatera bitartean.

Nokodek Kaxildan abiatuko da ostegunean, urriak 6. Kaxilda aurreko frontoian, zehazki, kabaret dadaista gauzatuko da, zirkuko karpa baten azpian. Teho Teardoren 'Le Retour à la raison' diskaren entzuketa kolektiboa Man Rayren pelikulekin zuzenean birnahastua. Josune Gorostegui eta Oier Guillánek dada testuak irakurriko dituzte, eta Oskar Alegría ren 'Emak bakia baita' proiektatuko da. Kopurua mugatua izanik, gonbidapena aurretik erreserbatu behar zen, eta antolatzaileek jakinarazi dute agortuta daudela honezkero.

Ostiralean, hilak 7, Urgull mendiaren magaleko Guardetxera igaroko da akzioa. 17:00etatik 02:00etara, kontzertuak -Error Humano (Madril); C-utter (Bartzelona); Frankel (Madril) ; Procesión (Xixón)- ; Donostiako Zuk Zeuk-en performancea; Sonic Anarchy telebistak askatzeko topaketa. Saioak 10 euroko sarrera du.

Larunbatean, hilak 8, egitaraua Uliako Lore Baratzeetan gauzatuko da, goizeko 11:00etatik 19:00etara. 11:00etatik 14:00etara Pinhole Zinema kamera ilunen sormen tailerra eta zuzeneko zinema-performancea eskainiko dira. 14:00etatik 19:00etara, berriz, vermut musikala Ilia Mayer, Manu Louis eta Mudoh artistekin.

Amaiera festa Dabadaban egingo da, 22:00etatik goizaldera, Neobot + Sunny Graves + Pedro Vian + Hotaru Visual Guerrilla + Aitor V (Magmadam) taldeekin.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate