Diario Vasco

The Pinker Tones, Donostian

The Pinker Tones.
The Pinker Tones.
  • Talde katalanak kontzertua eskainiko du larunbat honetan Araba parkean

The Pinker Tones taldearen kontzertua izango da Donostian larunbat honetan, irailaren 10ean, eguerdiko 12:30etik aurrera. Emanaldia Music Box Festibalaren baitan dago, eta Araba parkean izango da, Donostian 2016k jakinarazi duenez.

Familientzako liburu-disko eta ikuskizunak sortzen ditu talde katalanak. Musika elektronikoko lanengatik da ezaguna nazioartean, baina orain soinu akustikoagoa ari da sortzen, «betiere kritikaren eta publikoaren harrera ona ekarri dion estilo alternatibo berezi hori galdu gabe».

'Rolf & Flor' ikuskizuna eta hirugarren bolumena amaitu berri dute, eta urriaren 14an jarriko da salgai 'Rolf & Flor Londresen', Silvia Pérez Cruz, Pere Jou (Qu4rt Pr1mera) eta Virginia Labuat artisten parte hartzearekin.

Abentura berri honetan, protagonistak Londresen elkartuko dira berriro. Erikek gonbidatu ditu, zirkulu polarreko kanpamenduan eginiko lagun batek. Han, Jimmy ezagutuko dute, autobus gidari jamaikarra; gainera, Eriken aita Fastman handiaren magia trikimailuak ikusiko dituzte eta British Museum bisitatuko dute.

Halere, gehien markatuko dituena Alex eta Muna ezagutzea izango da: Alex Down sindromea duen haur bat da, eta Muna, berriz, Siriako gerrako errefuxiatu bat.

Donostia 2016k antolaturiko Music Box Festibalaren hamahirugarren kontzertua urriaren 13an izango da, Araba parkean, eta Los Punsetes, Super eta beste hainbat taldek parte hartuko dute.

Temas