AMAIUR. DV. Aranzadi Zientzia Elkartea eta Udako Euskal Unibertistatea Amaiurko gaztelua induskatzen hasi ziren abuztuaren 1ean. Arkeologiari buruzko ikastaro praktikoaren barnean hasi eta atzo amaitu zituzten indusketa lanak. Emaitza argia izan da. Amaiurko gazteluko harresiaren zati bat agerian geratu da. Gaztelaren inbasioaren aurkako Nafarroaren azken defentsa lekua izan zen 1522an eta mendeetan zehar Nafarroako Instituzio desberdinen aldetik eskutik utzia. Indusketek Amaiurgo kontzejua, Baztango Udala eta Udalbideren babesa izan dute.
Indusketa Juantxo Agirre-Mauleon arkeologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusiaren zuzendaritzapean egin da. Orain, proiektua ongi bideratu eta gero, epe luzeko ikerketa arkeologikoa aurreikusten da. «Baztango Udalak horrela nahi izanez gero berriz bueltatuko gara lanekin eta indusketekin jarraitzeko. Urteetako lana dago hemen, gazteluaren %10era ez da iristen azaleratu dena».
Agintariek eskuetan izugarrizko ondare kulturala dute. «Beraiei dagokie ondare honi potentzialidade guztia ateratzea. Kultura aldetik eta turismo aldetik esaterako».
XIX. mendan kontratu askoren bidez Amaiurko herria eta eliza berreraiki ziren gazteluko harria saldu eta gero. Harrobi bezala erabili zen gaztelua eta Aranzadikoek, bolondresen laguntzarekin lanak hasi zituztenean, orain hamabost egun, ez zekiten nola aurkituko zituzten harresiak eta gaztelu bera. «Sasien artean somatzen zen harresiak zeudela. Mendebaldeko harresia garbitu nahi izan dugu eta ekialdeko beste zatitxo bat ere garbitzea zen helburua».
Gaztelua aurkitzen den muinoa bailararen bukaeran dago oso toki estrategikoan. Pirineotarako bidea da Orreagarekin batera. Agirre-Mauleon arkeologoaren esanetan: «Berez hemen kokatu ziren ikuspegi handiak daudelako. Monolitoa dagoen lekuan Erdi Aroko dorre nagusia somatzen zen. 30 metro luzerakoa eta bi metro altuerako zanja egin dugu. Gure arridurarako zulatu bezain pronto azaldu dira 15 zentimetrotan garai bateko harresia eta pareta. Honek mendiaren radiografia egiteko lana erraztu digu».
Harresiez inguratua
Ekialdean harresi mardula ageri da artilleriari aurre egiteko. «XVI. mendeko obra potente bat da. 10 metroko pareta dago alturan. Honela gazteluak izugarrizko presentzia hartzen du herritik. Garbitzea lortu dugu eta izugarrizko harkaitza, harresi lana egiten duena, agertzen da. Hortik oso ongi babestuta zeuden».
Gaztelua Erdi Arokoa da eta erdialdera begiratu ezkero beste harresi bat ageri da. «20 metroko luzerakoa izango da eta dorre borobila ere ikusi daiteke, Erdi Aroko gazteluetan ohi bezala», dio Juantxok. Dorreak goraka 14 metro izango zituen.
XVI. mendeko harresian oso lur gogorra aurkitu da funtzio defentsiboa duelako. Baina erdialdeko zonaldean biztanleen aztarnak eta zoru desberdinak aurkitu dira. «Teilak, zeramikak, animalien hezurrrak, haur baten agiña, txanponak, bala bat, gantxoa, aiztoa... agertu dira burdinezko tresnekin batera. Datu guzti horiek zehazten ari gara non gauden jakiteko, XV. mendearen bukaeran edo XVI. mendearen hasieran, nahiz eta paretaren kontra egon. Pareta lehenagokoa dela horrexegatik dakigu. Zonalde hauek zailenak dira industeko». Egurrezko hainbat txabolen poste zuloak eta hiltzeak ere aurkitu dituzte.
«Material guzti hau zaharberrituko da eta gero depositatu behar den lekuan. Guztia lau metro karratuetan agertu da. Obra bat ere ikusi daiteke 1512an egindakoa. Artilleriari, garai horretan guda egiteko modu berriari, aurre egiteko egina dago» Juantxo Agirre-Mauleonen esanetan. Beste harresi bat ere agertzen da mendebalde-partean XIV-XV. mendekoa izan daitekena. 20 metroko luzera du beste harresiak eta bukaeran Erdi Aroko beste dorre bat ageri da.
Virginia Alemán, Baztango alkateak eta Juan Mari Alemán, Amaiurko alkateak duela bi urte eta erdi jarri zirela Aranzadirekin kontaktuan esan zuten. Azkenik beraien helburua errealitate bihurtu da. Memoria historikoa eta Amaiurko gazteluaren historia berreskuratzeko lehen pausoa hasi da.