Errazago aldatzen da errealitatea hari buruzko dugun ideia baino. Azken mendean bataz besteko biziraupena berrogei urtetan luzatu omen da eta gure artean batek, gizon nahiz emakume, itxaron dezake laurogei urte baino gehiago bizitzea horretarako baikortasun gehiegi erabili gabe.
Halere, hirurogei urtetara heltzen dena zaharra da gehienontzat, biziraupena muga horretan zegoenean bezalaxe. Errealitatea aldatu egin da, baina hirurogeitik gora heldu den gutxik jarraitzen du lanean.
Suposatzen da behin muga hori gainditu ezkero, pertsona baten zeregina irautea dela, besterik ez. Paseatu, berriketa piska bat egin, ilobaren bat zaindu eta kitto. Lana eta ikasketak debekaturik baleude bezala: hirurogei urte bete dituenak, gehienez jota ere, irakats dezake, baldin eta norbaitek aukera ematen badio. Ikasi, ordea, hori gazteentzat da.
Zahartu zara, beraz, erretira zaitez lehen-bait-lehen bazter batera, utzi bizitzaren errepidea gazte eta helduentzat. Hasi «nire garaian» hau edo hura esaten, zure orainaldiak ezertarako balio ez duelako, orainaldia zurea ez delako. «Nire garaia», ez nire gazte garaia edo «garai haietan». Besterik gabe, garai bakoitza gazteena da eta zaharrek ez dute zereginik orainaldian. Gazte garaian dago bizitzaren gailurra eta hortik aurrera, dena da aldapa behera.
Eta hori ez da bakarrik gazteen pentsaera. Harrigarria badirudi ere, hirurogei urtetatik gorako gehienak bat datoz aburu horrekin, erresistentziarik ez protestarik gabe baztertzen dira bidetik eta gero esaten dizute gustura daudela horrela, gustura utzi dietela orainaldia gazteei.