AZKOITIA-AZPEITIA. DV. Arkeologiak eta Aurrehistoriaren ezagutzak aurrera egingo badute jende askoren lana behar da. Arkeologo profesional ospetsuez gain, txingurrien moduko zale txiki asko dira beharrezko. Azkoitiko Munibe taldeko lagunak eta Azpeitiko Antxieta taldekoak sarri joaten dira inguruko mendi eta errekazuloetara, begiak erne, eta katak egiteko tresnak aldean. Azpeitiko eta Azkoitiko lagunok hogeitaka urte daramatzate lantegi horretan, musutruk eta pozik. Zeinek daki nork aurkitu zuen Ekaingo kobazuloa? Bi azpeitiarrek topatu zuten, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek, 1969ko igande eguerdi batean. Haiek zorte handia izan zuten: Sastarrain baserriko lagun batek esan zien hor inguruan bazela zulo bat, bi arkeologizaleok hara joan eta, ezustean, margo batzuk ikusi zituzten. Hura sorpresa! Eta, berriz, zeinek daki nork aurkitu zuen Praileaitzeko kobazuloa? Azkoitiko Munibe Taldeko kideak sartu ziren han lehenengo aldiz asmo zientifikoekin, 1983an.
1983an izan zen Praileaitz kobazuloaren deskubrimendua. Merezi du Sasieta eta Arruabarrenaren testigantza entzutea: «Torre baserriko semeak erakutzi zigun. Joan ginen, kata egin eta nahiko gauza gutxi agertu ziren, suharri-pusketa eta hezur batzuk bakarrik. Orain zintzilikario eder horiek agertu diren sala zabal horretan gu ere jardun ginen kata egiten, handik hamabost bat zentimetrora. Pentsa zer izango zen guri agertu balitzaizkigu!».
Munibe taldeko Miel Sasieta eta Juan Arruabarrena batez beste astean hirutan joaten dira arkeologi lanak egitera. Batzuetan, «Izarraitz atzeko» parajeak mia-tzera, zulo bila; beste batzuetan, topatutako zuloetan katak egitera; eta, zenbaitetan, arkeologo profesionalekin elkarlanean jardutera era askotako indusketetan. Batez ere Deba, Mutriku eta Mendaro aldean ibili ohi dira. «Igandean ez gara ateratzen; igandea, emazteari kaso egiteko da», dio Sasietak irribarretsu.
Miel Sasietaren historia ez da nolanahikoa. Munibe arkeologia taldea sortu zenean Azkoitian, 1961. urte aldera, berau izan zen kideetako bat. Historiaurreari buruz jakin-mina zuten gazte ba-tzuek -Joxemiel Barandiaranen miresleek- sortu zuten: Sasietarekin batera, Klaudio Arzallus, Bernardino Garate, Julen Juaristi eta Karmelo Mendizabalek. «Hasieran, hartzen genuen autobusa Azkarate gaineraino, han jaitsi eta oinez segitzen genuen Deba eta Lastur aldera», dio Sasietak. Lagun haietako batzuek utzi zioten, bat edo beste hil, baina Sasietak gogor dirau, eta Julen Juaristik ere laguntzen du tarteka. Eta Sasietarekin batera kide gazteago bat ari da astero-astero: Juan Arruabarrena; bata jubilatua, bestea erreleboko lana daukan langilea. Horiez gain, Jesus Larrańaga ere zenbait lanetan jarduten du.
Historia aberatsa
Historia aberatsa du Munibe taldeak. Laurogeita bost aztarnategi topatu ditu aspaldiko gizakien arrastoren bat eskaini dutenak. Horietatik, bi bakarrik Azkoitikoak, besteak Deba, Mutriku eta Mendaro aldekoak. Baita ere, dozena bat trikuharri eta tumulu eta aire zabaleko zenbait aztarnategi aurkitu dituzte horko lagunek.
Astigarraga izeneko koban -Debako partean- egin zuten Munibeko lagunek lehenengo kata, orain 40 bat urte. «Ni enpresan ari nintzen lanean eta Zelailuze baserriko Salegitar bat etorri zitzaidan eta esan kobazulo bat erakutsiko zidala. Inguruan dena astigar arbola zelako, deitzen omen zioten Astigarraga», esan digu Sasietak. Eta hain zuzen, orain ere Astigarragan ari dira zundaketa egiten.
Muniberen historian munta handiko izena da Zerratu, Mutriku aldeko harpea. «Han, 2001ean, aizkora aurpegi bikoa aurkitu genuen -diote-. Neanderthal gizakiren batek egina, orain 40-45.000 urte. Ez da suharrizkoa, liditazkoa baizik, grisaxka ilunka. Gipuzkoako aurpegi biko politena, seguru asko». Juan Arruabarrenak topatu zuen, sakonera handiko zuloan, eta airean bota zion Sasietari. Honek, eskuetan hartu, lokatza kendu eta, orduan: «Mekabuen!, hau bifaza dek!» Koba honetan hiru indusketa kanpaina egin dituzte eta bukatutzat eman. «Hurrengo belaunaldiei ere utzi behar zaie lana, orduan teknologia hobeak izango dituzte-eta».
Kiputz ere toki giltzarria da. «Zulo txiki-txiki bat zen taurkitu genuenean, Mutrikuko Kalbaixo aldean, orain lau urte -adierazi digute Munibeko lagunok-. Animalia askoren hezurrak daude hor, horregatik da garrantzitsua. Orain 19.000 urteko hezurrak ere agertu dira, horietako asko eta asko elur-oreinarenak (renoak); alde honetatik penintsulako toki enblematiko bihurtzen ari da. Zulo hartan, aldapan behera, animalia-mota asko sartuko ziren, edo erori, eta batzuk -ungulatuak, atzaparrik gabeak- ez ziren gai gero aldapan gora irteteko».
Esan bezala, Munibe taldekoak izan ziren lehenak horrenbesteko zeresana eman duen Praileaitz koban sartzen. Lagunok bi kata egin zituzten, baina zorte handirik gabe. Handik zazpi urtera, inguruko harrobi batek aurrera egin eta kobazuloko harria aprobetxatzeko baimena eskatzean, Foru Aldundiak erabaki zuen presazko indusketa bat egitea, badaezpada. Eta orduantxe agertu ziren duela 15.000 urteko zintzilikario famatuak.
Nolanahi ere Munibe Taldeko lana ez da kobazulotara muga-tzen. Dibulgazio lanak ere egiten ditu. Azkoitiko San Martin ondarelekuko historihaurreko erakusketa egin zuten. Horrez gain, material didaktikoak ekoitzi dituzte. Katak eta indusketak direla- -eta, Euskal Herriko Unibertsitateko doktore batzuekin hartu- -eman ugari ditu Munibek.
1970. urte aldera Azkoitiko Insausti jauregian erakusketa txiki bat egin zuten, Juan Ignacio de Uriak jauregiko giltzak eman ondoren. Hurrengo 30 urtetan, berritze lanak hasi arte, han izan dute bere egoitza. Lanak buka-tzear daude eta espero dute, emandako hitza beteta, atzera hainbeste urtetan zaindu duten egoitzara itzultzea.
Antxietaren lorpenak
Antxieta esan orduko arkeologiako adituei segituan etortzen zaie gogora Ekain. Antxieta arkeologi taldeko bi lagunek deskubritu zuten harpe harrigarri hori, 1969an. Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri Katxo izan ziren. Andoni hil zen, baina Rafaelek hor jarraitzen du arkeologi lanekin. Hala ere, gehiago ez da Ekainera sartu, orain ia berrogei urteko sentsazioekin gelditu nahi duelako. Ez ditu burutik irudipen eder haiek kendu nahi. Hona hemen Rezabalen testigantza: «Zulo txikia zen. Harri batzuk apartatu genituen. Haizea sentitzen zen eta esan genuen: hau kobazulo handiren bat izan liteke. Sartu eta segituan aldapa behera zegoen. Ni aurretik nindoan, txikiena nin-tzen-eta. Piladun linterna batzuk generaman, eta halako batean margolan batzuk ikusi nituen sapaian. Hura orrua, beldurgarria bota nuen! Andonik pentsatuko zuen ni erori egin ote nin-tzen».
Orain zazpi laguneko taldea da Antxieta. Aspaldiko lagunak denak, kide berrienak ere, Javier Maizek, hamabost urte baitarama-tza. Jabier Lazkano lehendakariarekin batera, hauek ari dira lanean: Ińigo Olarte, Rafael Rezabal, Javier eta Andres Maiz anaiak, J. Ignazio Arrieta eta Joseba eta Andoni Irureta anaiak. «Taldea irekita dago. Nahi genuke jende berria sartzea», diote taldeko lagunek bere egoitzan.
Igandero ateratzen dira lanera. Goizeko 8:30ean abiatu eta 14:00etarako itzuli. «Lanerako denbora gutxi da. Josemiel Barandiaranek, hark bai zeukala astia!», dio barrez Lazkanok egoitzan daukaten Ataungo jakintsuaren argazkia seinalatuz.
Granada Errekan
Hamar urte eman zituzten An-txietakoek Granada Errekako pendiz guztiak miatzen, igandero-igandero; hasi 70eko hamarkan eta 80koan bukatu. Han, Pagoeta eta Ernio bitartean dagoen bailara hartan, makina bat toki interesgarri topatu zituzten. Aspaldiko gizakiak oso maitea izan bai-tzuen. Amaldako kobazuloa ezaguna zen ordurako, Barandiaranek aurkitu baitzuen, baina Antxietakoek Errailla topatu zuten, eta Aitzorrotz. «Hori da bailara bat, kontserbatu dena zen bezala. Agertu dira Paleolito garaiko aztarna asko, eta Bron-tze arokoak eta erromatarrenak... Gu ibili ginenean ez zen erraza izan, baso itxiak daude-eta».
1996an beste aurkikuntza handi bat etorri zen: Irikait z. «Barandiaranek-eta, uste zuten zaila izango zela Gipuzkoan aire zabaleko aztarnategirik topatzea. Iruditzen zitzaien aspaldiko gizakiak nahiago zuela kobetan bizi. Egin behar dena da beste begi batzuekin begiratu. Herrilan handi bat zela-eta, zestoarrek lubaki bat egin zuten toki hartan. Gu bertara joan ginen, horrelakoetan beti joaten garelako, badaezpada -gure beldurra daukate obrak egin behar dituzten askok- eta suharri pusketak ikusi genituen. Halaxe deskubritu zen Irikaitz. Sekulako aztarnategia da, urte pila baterako lana emango duena, eta gainera garrantzitsua da aztarnak lehengo tokian daudelako, hau da, erreka eta ibaiek mugitu ez dituztelako», diote taldekideek.
Ondoren, Lastur aldean Urkuluko aztarnategia aurkitu zuten, eta 2000.ean Errezil aldeko Arnailletakoa. «Behe Paleolitikoa da, Atapuercaren garaikoa; zeresana emango du».
Irikaitzeko aurkikuntzak bul-tzatuta, aire zabalekobilaketari ekin zioten gero. «Guk uste dugu aspaldiko gizakia, kobazuloetan ez ezik, behealde honetan ere biziko zela. Egin ditugu sei kata Loiolako basilika ondoan, sailen jabeei baimena eskatuta, eta ia denetan aurkitu dugu zerbait; horietako batean oso arrasto zaharrak, gainera».
Aurkitutako arrasto kuttunei buruz galdetzen zaienean, duda handirik egin gabe erantzuten dute: «Begiratu harri hau. Chopper bat da. Gizakia harria lantzen hasi zenean, horrelakoak egiten zituen: lau kolpe eman eta horrekin nahikoa. Ikeitzen aurkitu genuen, Zestoako bainu-etxetik gertu. Adituak ez dira ausartzen esaten noizkoa den; eduki ditzake 150.000 urte, baina baita milioi bat urte ere».