Neu ere izan nintzen Zurriolako kontzertu erraldoian. Zalantza pinpirinak ibili nituen, joan ez joan, jendetzak uxatu egiten nau-eta. Baina ezin aukera galdu Dylan handia ikustekoa, aukera bakar eta sekula errepikatuko ez dena. Beti eta leku orotan bezala, badakit polemikatxoa piztu duena kontzertuak, diru-kontuak direla batetik, bakearen erabilera dela bestetik. Nik, gauza guztien gainetik, Dylan entzun nahi nuen, eta nire semeei Dylan nor den erakutsi nahi nien. Horrexegatik hurbildu ginen Donostiara. Eta ez nau penatzen, eta uste dut betiko izango dudala iltzatua atzoko gaua oroimenean. Nahiz eta haren aurpegia sumatu ere egin ez, nahiz eta gu geundenetik oso gaizki entzun, nahiz eta deseroso eta urruti egon... gustura egon nintzela aitortzen dut. Beste kontuez, musikaz kanpokoez, ez daukat, beti bezala, iritzi garbirik.
Zurriolako kontzertua bakearen aitzakian antolatu zen, eta bakearen aitzakian edozer gauza antola liteke, jakina, baina baita gerraren izenean ere. Nik uste dut musika bake-bide izan litekeela, eta hala izan da maiz, baina ez du zertan derrigor halaxe izan beharrik. Hara hor martxa militarrak. Dudarik ez dago, baina, Dylan bakearen aldeko borrokalaria izan dela beti, bere kantuak entzun besterik ez dago. Diruarena besterik da, noski. Hor galdu egiten naiz, ez dakit kalkulurik egiten. Hiruehun mila euro diru asko da (halaxe omen, antza), eta Dylan Dylan da, baina badakit, era berean, gure herrian musikari, idazle, konpositore eta abar nola bizi den, nola irauten duen. Megalomania herriaren aurka altxatzen den suge pozointsua da, horretaz oraindik agintari asko jabetu ez bada ere. Baina, esan dut lehen ere: Dylan Dylan da.