AZPEITIA. DV. Udalak antolatutako udalekuetako haurrek gaur ospatuko dute beraien San Fermin festa. Goizean zehar prestaketak egin ondoren, Iruñean aurtengo jaiak abiatuko diren ordu berean, eguerdiko 12:00etan, botako dute Azpeitian ere aurtengo txupinazoa, Sindikatu Zaharretik, eta ondoren urteroko legez 'entzierro txikia' egingo dute Alde Zaharreko kaleetan.
Bihar ere festa
Sanferminen ospakizuna ez ezik, udalekuetan urtero errepikatzen den bestea, txanda bakoitzaren amaierako jaialdia da. Lehen txandarako bakarrik izena eman dutenei bihar bukatuko zaizkie udalekuak, eta bihar egingo dute jaialdia ere, 12:00etan Frontoi Txikin.