Edozein hizkuntzaren erabilera faktore askoren eta askotarikoen ondorioa izaten da. Gure ezaugarri bereziena, gure kulturaren ardatza den euskara, Urnietan, gaizki dagoela ikusteko, ez dago tesi doktoralik egin beharrik.
Horregatik, batzuetan, egun ezkor samarra tokatzen zaidanean, iruditzen zait, bere alde lanean aritzea alferrikako ahalegina dela, gehiengo zabal bati ez zaiola batere axola. Hala ere, etsipenari amore eman gabe, kemenez lan eginez gero, egunen batean egoera hobeago batera pasako garela sinistu nahi dut. Eta lan horretan ari da, hain zuzen ere, Aiurri astekaria.
Beraz begirunea merezi du, besterik ez bada ere, Urnietan orain arte beste inork egin ez duena egiteko gai izan delako: euskara hutsean aldizkari bat argitaratu.
Maitasuna eskaintzen dio Aiurrik Urnietako herriari. Munduaren beste puntatik etorritako futbolariez dena dakigun eta hainbat merezimendu egindako herritarrak ezagutu ere egiten ez ditugun garai honetan, herria eta herritarrok hobeto ezagutzeko aukera ematen digulako, eta badakizue, norbait edo zerbait maitatzeko lehenik ezagutu egin behar izaten dela.
Baina beste ezaugarri bat ere badu Aiurrik: askatasuna. Hurbildu den edonork badaki, herritar guztientzako, ideia eta pentsamolde guztientzako ateak zabalik dituela. Beraz, zuk ere pentsatzen baduzu, Urnietan gure hizkuntzaren egoera hobetu daitekeela hemendik animatu nahi zaitut Aiurriren harpidedun-laguntzaile egitera. San Juan plazako 9.ean zain izango gaituzu...
Eta azkenik, bidean langak jartzen dizkigutenei gogorarazi nahi diet kantu latinoamerikar batek diona: "Loreak moztuko dituzue baina udaberria ez duzue geldiaraziko».