Miércoles, 28 de junio de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

EDICIÓN IMPRESA
LARRAUL
Egurrak sentiarazten dionari forma ematen
Añezabal Haundi baserrian dago Karlos Irazu eskultorearen Betiarte tailerra. Bertan sortzen dira bere lanak, eta hantxe hartu gaitu
Egurrak sentiarazten dionari forma ematen
Karlos Irazu eskultorea, Larraulen duen tailerrean, ondoan bi eskultura dituela. [BELAUNTZARAN]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

LARRAUL. DV. Larraulgo lasaitasuna lagun duela aritzen da lanean Karlos Irazu eskultorea bere etxeko tailerrean. Zortzi bat urte daramatza Karlosek egurra lantzen Larraulgo Añezabal Haundi baserrian baina, dioenez, «oraindik gauza asko dauzkat ikasteko». Aspaldi hasi zuen bere ibilbidea artegintzan, duela hogei urte eman baizituen lehen urratsak Tolosako kultur etxean eskaini ziren ikastaro batzuetan. Marrazkiak egiten, margotzen eta bestelako teknikak lantzen hasi zen Irazu, eta konturatzerako lehen sari bat jaso zuen, eta erakusketa batean parte hartzeko aukera eman zioten.

Urteak eman zituen Karlosek teknikak eta estilo ezberdinak ikasten. Gero, betidanik gustatzen zitzaion materialari ekin zion, egurra lantzen hasi baitzen. «Mendian topatzen nituen enborrak, adarrak, zainak edo zuhaitzak ekartzen nituen etxera. Gero, haiek sentiarazten zidatenari forma ematen ahalegintzen nintzen. Jendeari gustatu egiten zitzaion, eta saltzen hasi nintzen».

Orduan, artelanak egiten hastea eta haiek ematen ziotenetik bizitzea erabaki zuen. «Prozesua piskanaka-piskanakakoa» izan zela aitortzen du eskultoreak: «Lehen piezak saltzen hasi nintzen, eta gero enkarguak iristen hasi zitzaizkidan. Konturatzerako buru-belarri sartu nintzen mundu honetan, eta dagoeneko zortzi urte daramatzat egurra lantzen eta lanbide honetatik bizitzen».

Forma abstraktuak egiten ditu, eta irudi bat kontuan izanda ere egiten ditu eskulturak. Dioenez, «irudi handiak gustatzen zaizkit. Noizbait enkargatu izan dizkidate lorategi batean jartzeko irudi erraldoi batzuk, edo bereziak, eta benetan gustura sentitu izan naiz lan haiek egiterakoan».

Errealista

Baina, Irazuk aitortzen duenez, ezin du beti barrutik ateratzen den hori islatzen duen lana egin: «Errealista izan behar duzu, alde batera utzi sentimenduak eta praktikoa izan». Horregatik, eskulturak egiteaz gain, «mahaiak, armarioak, bankuak, eserlekuak... egiten hasi nintzen. Mota guztietako altzariak egiten ditut eta horiek egiteak hartzen dit denbora gehien».

Egurra aukeratzeaz eta lantzeaz gain, forma eman aurreko prozesu guztiak Irazuk berak egiten ditu. Gaztainondo, aritz eta urkien egurra erabiltzen du gehienbat. Lehen biak altzari handiak eta pieza bereziak egiteko eta azkena berriz, biguna denez, pieza txikiagoak eta koloretakoak egiteko, «zuria delako eta margotzeko aproposena delako».

Larraulgo eskultoreak dioenez, «denbora handia eramaten dizu egurra bilatzeak, lehortzeak eta, ondoren, behar den tratamendua emateak. Gainera, landu eta gero margotu behar badituzu-edo, oso kontuan hartu behar dituzu datak, bestela gainera etortzen zaizkizu eta». Horregatik, eguna bere tailerrean ematen du edo, bestela, azoketan. Azken batean, piezak egin ostean saldu egin behar dira, eta horretarako ere antolatu egin behar du bere denbora eskultoreak...

Azokak nonahi

Parisen izan berria da Karlos Irazu bere lanak erakusten, baina urtean zehar Euskal Herriko azoka askotan hartzen du parte. Ordizian eta Errenterian egiten direnetan, esate baterako. Etxetik urrutiago, Valentzian, Bartzelonan, Fuerteventuran, Asturiasen... ere ibilia da.

Igandero Donostiako Bretxan egiten den azokan ere izaten da Karlos Irazu. Bere esanetan, interesgarriagoa izango litzateke artisauentzat «gune finkoak antolatzea. Horrela jendeak jakingo luke non gauden eta zer aurki dezakeen salgune horietan». Irazuren ustez, «azoka batera joaten zarenean tristea izaten da egun osoa pasa eta denbora galtzen aritu zela sentitzea».

Horrez gain, «azoka batera joateak sekulako lana ematen digu. Dena aldez aurretik antolatuta eta eramateko prest eduki behar duzu. Gainera, kontuan izanda nire pieza asko handiak direla, kontuan izan behar dituzu saltokiko neurriak. Eraman behar duzuna kabitzen zaizun ala ez ikusi, alferrik ez eramateko».

Irazuk, gainera, «sufritu» egiten du bidaietan: «Bai, piezak eror daitezke eta hautsi, edo kolpe txiki bat jaso eta ondatu. Orduan ez dute ezertarako balio eta, gainera, hartzen duzun pena ez du ezerk ordaitzen». Horregatik, marraskiloak, onttoak, aizkorak, idiak, edo bestelako pieza txikiak eramaten ditu gehienetan azoketara: «Pieza handiak, eserlekuak edo bestelako figurak eramatea zailagoa izaten da. Eramaten ditut, baina jendeak katalogoan ikus ditzake eta, interesa badute, tailerrera etorri eta bertan dauzkadanak aztertu».



Vocento
Estado de las playas Servicio de meteorología Agencia Guipuzcoana de Infraestructuras Monitor de tráfico