Orain, orain izango dituzte gogoan gurasoek maisu-andereñoak! Orain, ume mokoei eta nerabe arraioei oporrak emango zaizkienean. Hamar hilabeteotan erauntsi gorriak ikusi eta haize beltzak jasan dituzten irakasle gogo-galduek ondo mereziak dauzkate oporrok, ondo mereziak dauzkatenez, alajainena.
Psikiatra handienetako batek aitortu berri du: «Gaur egun ez omen dela ogibiderik, sufrikario handiagoa dakarrenik ('que depare mayor sufrimiento'), DBHko irakaslearena baino». Beste batek, berriz: «Gaur egun irakasle izatea eskualde mailako arbitro edo gerra-berriemaile izatearen pareko dagoela». Baita mediku batek ere: «Larrimina, estresa, autoestimuaren galera, jazarpen sentimendua, egitekoa ondo bete ezina : horra irakaskuntzan sarriegi ematen ari direnak. Abaildurik dabiltza irakasleak; ikaslearen aurrean bakarrik eta babesgabe; inoiz erdeinatuak, beti gutxietsiak». Izena ere ezarri zioten, nonbait, kalamidade honi: burn-out edo kiskaliaren sindromea.
Tira, tira; ez dela hainbesteraino izango? Ezetz ? Begira. Australiatik-eta hartzen dituzte irakasleak Erresuma Batuan, bertan aurkitzen ez eta; Holandan asteko eskola-egunak lautara jaitsi ez jaitsi aritu ziren, irakasleen faltaz han ere, 70 institututarako; Frantzian bi urteotan polizia eskean dihardute hainbat ikastetxeetarako; Madrilgo Komunitatean 80 musika-irakasle behar eta 40 soilik agertu ziren boluntario, esanez, saminez noski: «Nahiago dugu lanik gabe geratu, ikasleek bizitza mingostea baino». Eta urrutiko haize-erauntsi beltz horien ufakoa bertan dugu dagoeneko, alafede.
Errukienak zaudete, bai, maisu-maistra DBHkoak; zuek, batik bat. Bejondeizuela, dena den. Opor luze on!