Orain bi urte dirala, udaberrian, Madrillen izan nintzan. Gero, andik onerakoan ez nuen bide zuzenena artu. Cuenca, Guadalajara eta Terueleko probintziak alkar ikuitzen dutenean, eremu menditsu aundi bat bada, dana piñudi, arkaiztegi eta larre, ikusgarria benetan. An sortzen diran ibaiak, batzuk Atlantikora dijoaz: Tajo, Cuervo, Guadiela... eta beste batzuk Mediterraneora: Turia, Júcar...
Ango mendi-bizkar batean, Terueleko probintziaren barruan, eta Orihuela del Tremedal erriaren partean. Zeruko Amaren santutegi bat da, Virgen del Tremedal izenekoa, ia 1.800 metroko alturan.
Onera irixteko kamio polit bat artu bear da Orihuela dalako ortan. Ermitak, egia esan, ezer apartekorik ez du. Baiña bikaiña da emendik begien mende artzen dan ikuspegia.
Ama Birjiña onek antziñako leienda bat badu, eta bai geroztikako istori latz bat ere. Biak konta ditzagun, esatekoak Diccionario de historia eclesiástica de España, Madrid, 1975 liburutik artuta.
Mutil bat artzai zebillen mendi ontan, XII mendean. Alako batez, argiz betetako andra bat ikusi eta onek onela esan zion:
-Emaidazu morralean daukazun opilla.
Artzai gizarajoa besomotza zan, ordea; eta bere esku ona morralean sartu eta opilla luzatu zion, onela esaten zuala:
-Artzazu, andrea, zerana zerala.
Baiña andreak:
-Eskerrik asko. Baiña esku orrekin ez; bestearekin saia zaite.
-Ni besomotz naiz, ordea -erantzun zion umil asko mutillak-. Orregatik ez det balio artzaintzarako bestetarako.
-Ez du ajolarik. Proba ezazu beste eskuarekin.
Ala egin zuan artzaiak, eta zer ikusiko eta bere beso motza luzatzen eta eskua agertzen.
Errira, Orihuelara, korrika jetxi zan, eta erritarren poza, artzai besomotza osatuta ikusitakoan! Zeruko Erregiña izango zala dudarik ez eta bertan ermita bat eraiki zioten. Geroztik erri eta inguru auetako fededunak debozio aundia izan diote beti.
Baiña frantzestean Villacampa gerrilleroak mendi auek artu zituan bre gordelakutzat. Batean aren aurka frantzesak etorri ziran, Herriot jenerala buru zutela, eta bai ermita au erre ere. Ama Birjiñaren irudia bertako kapillauen eskerrak salbatu zan.
Karlisten gerrateak ondoren. Inguru artatik ere ibili ziran soldaduak, Baiña ez det uste ermita ontan ezeren okerrik egin zutenik.
Andik urteetara beste gerra bat: 1936-koa. Ermita au, eta bai beeko erria, Orihuela del Tremedal alegia, jaberik gabeko lurrean gelditu ziran; bi etsaien arteko eremuan, alegia. Ama Birjiñaren irudia arriskuan zalakoan, falanjista batzuek onera etorri, artu eta Terueleko seminariora eraman zuten.
Baiña gerra iri ontara ere iritxi zan. Bai gogor eta latz iritxi ere. Errukirik gabeko burrukak ez-ezik, elurrak eta jelak ortik onerakoak. Zenbat millaka mutil galdu ote ziran emen? Batzuk tiro edo metraillazo bat artuta; beste asko, berriz, otzak eramanda. Ona Altzako Patxi Otxoki zanak bere Tiro tartean bertsotan liburuan zer dion:
«Concud (erri bat) artu ta elurra asi zuan. Bañan elurra egin zuan onenbestekoa bai: metroa-edo.
Illundu zuan ta gau guztian an egon giñan elurretan. Ta otza esaten zuten, guk ez dakigu, emezortzi gradu egin zuala utsaren azpitik.
Urrengo goizean, an etzan iñor ere gauza, ez fusilla disparatzeko ta ez kargatzeko. Danak otzak amorratzen. Danak olaxe: dar-dar-dar... Ibiltzeko ere ez giñan gauza gu.
Jaungoikoak bakarrik daki Teruelen zenbat mutil geratu ziran».
Errepublikanoak iaioak ziran lurpeko minak irekitzen eta leer-tzen. Joko ori sarritan egin zuten gerra-denbora guzian. Mina oietako batek seminarioaren zati bat ankaz gora bota zuan. Baiña Ama Birjiñaren irudia onik agertu zan arri-pilla baten gaiñean.
Soldadu batzuek artu eta Santa Klara komentura eraman zuten, an obeto egongo zalakoan. Antxe zan Terueleko obispo jauna, Anselmo Polanco, gero afusillatua izango zana eta gaur aldaretarako bidean dana. Onek Ama Birjiñari aldare bat prestatu zion eta aren aurrean errezatzen ari-tzen omen zan.
Baiña Terueleko iria errepublikanoen mende erori aurretik, Zeruko Amaren irudia artu, maleta batean sartu eta Santa Klara komentu ortan bertan arri-pillen artean izkutatu zuten.
Gero, errepublikanoak andik alde egindakoan, beste alderdikoak joan eta irudia atera zuten. Baiña bi pusketan omen zegoan eta Jesus Aurraren aurpegia kolpe bat artuta.
Gerra noizbait ere bukatu zanean, Ama Birjiñaren irudia eta ermita berritu zituzten. Eta gaur egun antxe daude, mendi gaiñeko santutegi ortan, fededunak otoitz egitera noiz etorriko diran.
Ni bi aldiz izana naiz. Aurrena orain ogei ta amar bat urte, uztaillaren asieran. Ermitatik aurrera mendi aietan barrena ere ibili nintzan. Artzai batekin antxe topo egin nuan. Andaluziakoa zan. Andik mendi oietara udara pasa-tzera etorria. Eta azkena, esan bezala, orain bi urteko udaberrian.
Egia esan, lantxo au idatzi ala ez, zalantzan egon naiz luzaroan. Zergatik ote? Anai arteko gure azken gerratea aitatu bearra zegoalako. Auzi odoltsu arek gu danon biotzean ireki zuan zauria oraindik ere ondo itxi gabe daukagu. Orduko gertaeraren bat aita- tu ezkero, politika bezela epai- tzen degu, naiz eta irurogei ta amar urte igaro diran; eta ez istoria bezala, onela bear balu ere. Nik, beintzat, ori dala-ta, makiña bat kontaera eder utzi ditut orri auetara ekarri gabe. Emendik aurrera ausartuko ote naiz? Ez dakit...