ATAUN. DV. Igandean Ataun San Martinen jokatu zen XLII San Martin Txirrindulari proban afizionatuentzat Euskadiko Txapelketa zegoelarik jokoan, Iker Aramendia (Bidelan) nafarra Elite mailan eta Sergio De Lis (Alfus Tedes) Sub 23an 2006ko Euskadiko Txapeldun izendatu ziren. 133,5 Km. errepidean egin eta gero, Urkillagako mendatea bi aldiz eta Olaberriako gaina behin igoaz, goiz-goizetik izan genuen tenperatura altuak ere aurkari zituztela, Iker Aramendia izan zen lehena metara iristen( 3-14-56), 23 segundoko aldea atereaz Francisco Gutierrez (Cafes Baque) bigarren izan zenari. Ondoren, Sergio De Lis hirugarren, Eduardo De Miguel (Bruesa) laugarren eta Fco. J. Etxaniz (Seguros Bilbao) bosgarren. Irteera puntuan 127 txirindularik hartu zuten parte, gero helmugara 60 bakarrik iritxi baziren ere. Datu esanguratsua azken hau, trazaduaren gogortasuna eta tenperatura beroak are zailago egin zutena.
Antolakuntzari Zorionak
Agauntza K.E.ak Txirrindulari Federaziotik antolakuntza ona izateagaitik zorionak jaso zituela eta, honek, era batera edo bestera antolakuntzan lagundu zuten herritar eta kanpoko guztiei ,era berean, zorion eta esker ona luzatu nahi die.
Cantabriara bidaia
Atseden Toki, jubilatuen elkarteak, datorren uztailaren 6rako, Cantabriara (Santillana del Mar) egun baterako bidaia antolatu du. Bertan parte hartu nahi duten bazkide edota bazkide ez direnek, izena eman beharko dute Atseden Tokin Ekainaren 28-29 eta 30ean.