Ez dugu Jainko beharrik! Esango dute askok. Ez erlijio, ez honen inolako ezaugarri beharrik ere. Ez dira gutxi izango ere praktikan Jainkoaren beharrik nabari gabe bizi direnak.
Bakoitza libre da, noski, bere bizitza nondik eta nola ulertu erabakitzeko. Baita munduak eta giza bizitzak zentzurik ba ote duten galdetzeko ere. Egia da, ordea, balio-ez balio hitzek gure gizartean duten edukian, Jainkoak ez duela ezertarako balio...
Kristauen artean ere balio irizpide hau asko erabiltzen dela iruditzen zait. Horrela erlijioa Jainkoarekin eginiko "tratu" antzeko zerbait bihurtzen da (nik hau egingo dut eta Zuk hura emango didazu). Hortik, fedea ere giza nortasuna galtzeko arrisku gertatzen da (geure erantzukizuna Jainkoaren gain utziz).
Sinesten duenari ez dio sinesten ez duenari baino gehiago eskua luzatuko Jainkoak. Ezbeharra, oinazea, gaixotasuna edota loteria eta osasuna banatzekoan, ez du esku hartzen Jainkoak. Hainbeste aldiz eskatu diot, eta ez dit ezer ematen, ez loterian, ez bizimoduaren hobekuntzan, ez osasunean. Kexuak entzun ohi dira.
Zertarako balio du, orduan, Jainkoak? Zertarako, Jainkoa sinesteak? Zorionez, Jainkoak gizakion esku utzi du mundua eraikitzen joatea. Bera ez da naturaren legeetan edo gizakiari dagozkionetan sartzen. Begirune handia dio gizakiaren nortasunari, giza erantzukizunari. Guk geureari baino gehiago, askotan..
Nortasun honen barrutik ulertzen du kristauak Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana. Gaur kristauok ospatzen dugun Trinitate edo Hirutasun Santu egunaren argitan, hain zuzen. Jainkoa ez baita ahalmen handiz inguratuta bakardadean eta goian agintzen eta epaitzen dagoen Norbait, maitasun beroan bizi den Elkartea baizik. Elkar maitatuz batasunean bizi diren Aita eta Semea eta Espiritu Santua, alegia..
Maitasun hori gizadira eta izadi osora isuriz, elkarte horretako partaide egin gaitu gizakiok. Egia eder hau onartzen eta ulertzen dugun neurrian, Jainkoa zertarako den galdetzeari uzten joango gara. Jainko horrekin bizi egingo gara, elkarte horren berotan egiten goazen giza familiaren pozean.
EBANJELIOA MINTZO I 943 473311