Zer izan zen lehenago, depresioa ala psikologoak? Logikari erreparatuz, gaixotasuna sortu zen medikuntza baino lehen, ezta? Kontua da gaur egun izena eta izana bat etortzen direla. Hau da, per-tsona batek sintoma arraroren bat badu, medikuarengana joan eta honek berehala esango dio zer daukan: eztarriko mina duzu? Argi dago, anginak. Izenik ez duena ez da existitzen edo, bestela esanda, existitzen bada izen bat izan behar du derrigorrez.
Hara, ustez, bizitza duela 100 urte baino erosoagoa da, edo hobea edo, gutxienez, eramangarriagoa. Gaur egun arma gehiago ditugu bizitzak berez dituen deabru eta gai-tzei aurre egiteko. Tristura kentzeko pilulak badaude eta minbiziaren kontrako gudan borrokatzeko moduak ere bai. Azken batean, «edukitzea» logiko bihurtu duen gizarte batean «ez edukitzeak» sor-tzen du depresioa. 40 urterekin bikotea, autoa, etxea eta seme-alabak ez dituenak bietatik bat: nahi izan ez duelako ez ditu edo ezin izan duelako. Ezin izan duelako bada, psikologoarengana joko du. Nahi izan ez duelako bada, psikologoarengana joko du ere ze, bere inguruanbatzuek sinistaraziko diote ezinak ekarri diola nahi ez izate hori.
Hau kaka nahastea sortzen ari naizena, ezta? Bada, oso argia da, norbaitek esan zuen bezala, bizitza berez ez da kaka, mundua da kakazten gaituena eta kaka hori garbitzeko erremedioak sortzen eta bilatzen pasatzen ditugu urteak. Baina logikari eutsiz, Prozak pilulak ez hartzeko modu bakarra deprimituta ez egotea da. Eta ez deprimitzeko bidea, daukagunarekin gustura egon eta ez daukaguna lortzeko ilusioa ez galtzea da. Frustrazio hitza hiztegitik ezabatzea. Izanari garrantzia gehiago eman eta izenak albo batera uztea, alegia.