Ba omen da «Beteta dagoen autobusaren sindromea» deitzen den zerbait. Autobusa gainezka doanean, jendeak, lekua egiteko, inolako erreparorik gabe bultza egiten die aurrean daudenei. Hortik dator metafora edo konparazioa. Hau da, bizitzan gero eta gehiago dira euren lekua aurkitzeagatik besteen kontra joateko inolako arazorik ez dutenak. Bidean traban dituen gainontzeko pertsonak baino inportanteagoa, argiagoa, aberatsagoa edo bereziagoa dela uste duenak aurrera joko du, ostikoak eman behar baditu ere. Eta akordatu naiz txikitan, hondartzara trenez joaten ginela. Trena Eibarrera iritsi orduko lepo egoten zen eta, halere, elgoibartarrok bultzaka sartzen ginen bagoietara, eibartarrei erakutsi nahian gu ez ginela gutxiago, eta guk ere nahi genuela hondartzara joan. Eta sartzen ginen, bai horixe! Kostata, izerdi patsetan, bata bestearen gorputzaren kontra.... Bidaia labur hura borroka izaten zen. Gerrarako gogorik ez zuena ez zen hondartzara joaten. Eta hondartzara joaten ez zena bakarrik geratzen zen herriko kale desertuetan. Hortxe ikasi nuen zeinen inportantea den borroka iraun bizitzeko. Gaztaroa dozenaka adibidez beteta dago. Norgehiagoka etengabea da, eskolako azterketetan, lagun artean, estreinako musua lortzerakoan....Gaztaroan nolako soldadua, heldutasunean halakoxe gudariak izango gara maiz. Kontuak kontu, autobusaren sindromea trenarena ere izan ahal da, edo tabernena festa garaian edo... Bizitzaren legea, aizue, artaldean bizitzera kondenatuak bagaude ere, guztiok nahi izaten dugu noiz edo noiz ardi beltza izan, destakatu, besteen gainetik egon eta, horretarako, ezinbestekoa zaigu taldekideen artean bidea egin eta jan nahi dugun belar zatia defendatzen ikastea.