DONOSTIA. DV. Elkarrek argitara eman duen Gure gerretako heroiak liburua aurkezteko orduan, pattarrarekin alderatu zituen Xabier Etxeberria idazleak Rafa Ugaldek (Zornotza, 1961) gerra ardatz hartuta idatzi dituen hamar ipuinak: «Erraz pasatzen dira, baina sabelera iristen direnean erre egiten dute». Pattar honek, haatik «itsutu beharrean begiak zabaltzen ditu».
Duela hogeita bost urte gertatutako Malvinetako gerrak piztu zion Rafa Ugalderi gaiari buruzko zerbait idazteko gogoa. Joan ziren urteak, eta Irakeko gerraren hasieran horren ezaguna egin zen besoak eta hankak galdutako mutikoaren irudiak ernearazi zuen aspalditik barrenean zuen hazia, eta «behin lehenengo ipuina idatzita, pare bat urtean idatzi nituen gainerakoak».
Ipuin denak egiazko gertaeretan oinarrituta egon arren, ipuin bilakatzeko hautatu dituen pasarteei buruzko informazio zehatz urria eskaintzen du egileak. Liburuak badu, haatik, ipuinak euren testuinguruan kokatzen dituen hamaikagarren ataltxo bat, baina «gaiaren unibertsaltasuna» nagusitzen zaie toki eta data zehatzei buruzko argibideei; azken batean, toki eta garai guztietako gerra guztiak baitira gerra berbera.
Anestesiaren aurka
«Hedabideetan honelakoak ikustera ohitu gara, baina ez gogoeta egitera; ez gara batere kritikoak, apur bat anestesiaturik gaudela iruditzen zait», esan zuen Rafa Ugaldek. Egoera horretan, «zerbait esan beharra» sentitu zuen, «protesta moduko bat» egin beharra alegia. «Liburuak baten bat gogoeta egitera bultzatzen badu» betea izango du asmo nagusia.
Liburua idazteak argi utzi dio, lehendik ere nahiko argi bazuen ere, norainokoa izan daitekeen «gizakiaren ankerkeria eta kupida falta». Biktimei eman die berak ahotsa, haien ikuspuntua hartu du idazteko orduan. Egoerarik dramatikoenean ere duintasunari eusten diotenak edo, beste muturrean, damuari tartea ematen diotenak dira, Rafa Ugalderen aburuz, gerra orotako heroiak.