ZARAUTZ. DV. La Salle Ikastetxeak ikasturte amaierako jaia ospatuko du gaurkoan. Eta egitarau bikaina prestatu da ikasle, irakasle eta gurasoek bat egin dezaten, elkarrekin ospatuz.
Festari hasiera arratsaldeko lauetan emango diote ikasleek egindako erakusketarekin, haur makilaiarekin eta Proega ONGak jarriko duen dendaren zabaltzearekin. Ondoren, haur parkea zabalduko da eta pilota txapelketaren finalak jokatuko dira. Arratsaldeko bostetan, futbol partidak guraso, irakasle eta DBHko 4. mailako ikasleen artean. Ekintza kulturalak ere ordu horretan hasiko dira. Ondoren, judo emanaldia eta haur eta helduen jolasak (aulkiak, soka-tira, sakuak, toka..).
Euskal dantzek emango diote jarraipena arratsaldeko 19.15tan eta zortzietan meza izango da, kurtsoan hil direnak gogoratuz. Egunarekin amaitzeko, afaria eta dantzaldia goizaldeko ordubatak arte.