Elbira Zipitria Irastorza, 1906ko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian. 1922an lau urteko iraupena zuen Maestra de Primera Enseñanza hasi zuen oso nota bikainekin amaituz. Hala ere, Elbiraren gorentasuna, espediente akademikotik baino izan zuen intuiziotik eta lanerako erakutsi zuen grina eta inkernutik datorkio. Ikasketak bukatu ondoren, irakasle lanetan hasi zen Muñoatarren ikastolan, Donostian. 1936an Donostiako arrantzale batzuen itsasontzian ihes egin zuen. Maria de Montessorik bizi izan zuen antzera gazi-gozo askoko exilioa izan zuen. 1942an Donostian eskolak ematen hasi zen, etxe ikastolen esperientziari hasiera emanaz. Orixe ikastola 1968an eratu zuten 4 andereñok, Elbira tartean. Elbira Zipitria euskal eskolaren sortzailetariko bat izan zen eta, kontuan harturik gerra zibilaren aurretik eta, batez ere, gerra ondorengo ikastolen hasieran izan zuen eragina, aitor daiteke bera izan zela euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra osteko mugimenduak lotu zituena.
Gure bihotzeko Elbira:
Orain dela hamar bat urte, zuk egindako lana herri oroimenetik berreskuratzea erabaki genuen, zure ondarea jaso genuelako eta gure historia idazterakoan merezi duzun lekua aitortzen lagundu nahi genuelako, mundu osoan ezaguna izatearen alde. Ilusioari eta kemenari esker lortu genuelakoan gaude. Zaila egin zitzaigun ez baitzenuen ezer idatzita utzi.
Gaur, zure jaiotza egunaren 100 urte bete-tzen diren une honetan, zuregana hurbildu nahi dugu gertutik, gure maitasuna eta esker ona adierazteko. Egin beharra genuen. Aurten, zuk besteko ospea irabazitako beste batzuen urteurrenak ere ospatzen dihardugu, besteak beste Wolfgang Amadeus Mozart musikari austriarrarena, Pio Baroja euskal idazlerik unibertsalenarena, Juan Crisóstomo Arriaga euskal konpositorearena, Indalezio Bizkarrondo Bilintx ber- tsolariarena eta Jazinto Rivas trikitilariarena. Gozatuko zenuke zeuk ere ospakizunok partekatzen. Musikazale amorratua zinen, urtero 100 bat kanta lantzen zenituen ikasleekin, soinua, letra, antzezpena, dan-tza zure irakats jarduerak garatzeko ezinbesteko tresna bilakatu baitzenituen. Zer esanik ez bertso eta ipuinak.
Guztiak zure eskuetatik ikasleen arima bilakatzea lortzen zenuen.
Zu, oso tradizionalista izan zinen bizitzako aspektu askotan, hala ere, Eskola Berriaren printzipioak ikusteko gaitasuna erakutsi zenuen, Adolf Ferriére, María Montessori, Ovidio Décroly eta zure irakurketen ardatza baitziren. Jakin ezazu, Elbira zuk markatutako ildo nagusiak, 100 urte beranduago ere egungo heziketa gidatzen duten ardatzak direla: ikasle guztiengan sinistea, eleaniztasunaren garrantzia, ikasketa prozesuan haurren protagonismoa bermatu beharra...
Guk ere ikasle guztien aldeko apustuan dihardugu. Ez zaigu baina erreza egiten aurkitzen dugun aniztasun egoera osoari erantzun egokia ematea. Zer esango dizugu hizkuntzen trataeraren inguruan, zailtasunak gainditzeko estrategiaz hainbeste zenekien horri. Argia bilatu ezinik gabil-tza gaina hartzen digun fenomeno berri bati, etorkinen eskolatzeari. Ez dakizkigun hizkuntzak ditugu gelan eta guk kanturik eta antzerkirik ez, horiekin lantzeko. Zu bezalako aintzindaririk gabe aurkitzen gara. Baina hemen ere eskerrak eman behar dizkizugu bidea zein den garbi utzi baitzenigun, irakasleon prestakuntza eta konstantzia. Gai izan behar gara egoera eta aukera eleanitzak garatzeko bakoitzak dakarren hizkuntzaren elikadura ere zainduz. Canadan, Finlandian eta, badabiltza.
Munduaren irudikapena aldatzen ari zaigu eta egungo hamaika kongresu, hitzaldi, tailer, ikastaro eta barnetegik aipatutako ardatzok dituzte mintzagai nagusi. Horregatik zure hitzak argi egiten digute bide honetan:
Txori bakoitzak bere abestia.
Herri bakoitzak bere hizkera:
Euskaldunok euskara!
Guk ahal ditugun
Hizkuntza gehienak ikasiko ditugu:
buruan hiru edo.
Baina bihotzean bakarra:
gurea!
Cosmopolita horrek gustoko zenuen munduari begiratzea, italianoz, frantsesez, espainolez, eta euskeraz irakurriz. Eskola Berriaren ildoak zureganatuak zenituen teorian eta praktikan eta ikaslea aprendizaiaren protagonista bilakatu zenuen. Bitarteko eskasak zure garaikoak baina giroa aberatsa. Herria, ohiturak, ingurua bihotzekoak zenituen eta zure ikasleek ere maitatzea lortu zenuen, heziketaren mugarik eza defendatuz, zure praktikan eta esanetan, zeure buruarekin eta familiekin.
Zuk egindako ibilbidea eta lana ikertzeko zure lankide, ikasle eta lagunen esanetan oinarritu ginen. Ikasleen blokek asko lagundu ziguten arren zure ekina ezagu-tzen, aztertzen eta adierazten, zaila, benetan zaila egin zaigu guzti horren ostean zegoen emakumea, zu zeu irudikatzea. Zein ote, zu, Elbira?
Garai horretan, emakume gehienek har-tzen zuten aukerari uko eginda ibilbide zailenari heldu zenion zure bizitzako proiektua garatzeko. Oztoporik falta izan ez zen bidean Euskal Eskola eraiki zenuen.
Pozik senti zaitez, Elbira. Eskerrik asko transmititu dizkiguzun baloreengatik: oztopoak, aukerak; konstantzia; edozein hizkuntza, aberastasun; pertsona guztien ezaugarriak, altxor; dagoena, nahikoa; lana, gustoa; pazientzia; norbera, zutoina; ateak zabalik, itxaropena...
Baina guk, zuk ez bezala, guztiau elkartuta egiten dihardugu.
100 urte beranduago bihotzean .