Azkeneko hiru bat hamarkadetan, nahiko denbora laburrean beraz, trantsizio asko gertatu da gure gizartean: trantsizio politikoa, ekonomikoa, kulturala, erlijiosoa....
Inork ez dizu ukatuko trantsizioak beharrezkoak direla. Gizarteak dinamikoa izan behar du, eboluzionatu egin behar du, eta garaian garaiko aferei erantzun behar die.
Hazi bakarrik ez da egin behar, ordea; heldu ere egin behar da; heldu eta hezi. Gizabidean eta berdintasunean hezitzea da fun-tsa. Baina, tamalez, 'edukitzearen' filosofian murgildurik bizi gara. Horretara zuzendua dago propaganda guztia, agerikoa nahiz subliminala. 'Izateak' ez gaitu kezkatzen, Frommek esango zukeen moduan.
Alabaina, eduki nahiak borroka dakar, eta jende asko, behar minimoak bete gabe, ondasunen banaketaren zirkuitutik kanpora uztea. Beraz, zorionak bi eratara egiten digu kale: edukitze hutsak ez du inor asebetetzen, eta, bestetik, marjinalizazioaren atea luze adina zabal irekiko dugu askorentzat.
Formalki, erregimen demokratikoan bizi gara. Hori da egin dugun trantsizio politikoa. Horrek esan nahi du lau urtez behin botoa eman dezakegula, teorian giza eskubideak bermatuak ditugula, justiziaren aurrean denok berdinak garela, libreak garela...
Uste dut aurrenekoa, botoarena alegia, betetzen dela. Baina giza eskubideak! Zertan dira giza eskubideak? Baikorrek esango didate asko aurreratu dugula. Asko ez da nahikoa, behar adina egin behar da, eta horretatik urrun gaude oraindik. (Jakizue teorian demokratikoak diren estatuei buruz ari naizela). Ikusi besterik ez dago herrialde demokratiko izeneko asko, batez ere bat, egiten ari direna: torturak, bahiketa, kar-tzela erdi-sekretuak, eta dena elkarren konplizitate osoarekin. Mendebaldeak ba al du, benetan, interesik munduan egiazko demokraziak agin dezan, giza eskubideak errespeta daitezen? Interes ekonomikoak eta botere goseak beste ezerk ez du mugiarazten.
Izugarrizko iraina iruditzen zait justiziaren aurrean denok berdinak garela esatea. Munduko delinkuenterik handienak libre dabiltzan sentsazioa izaten dut sarritan; libre ez ezik eurek ezartzen dituztela legeak, eta ez dut pentsatzen beren burua zigortzeko ipiniko dituztenik.
Ez dut sinesten libreak garenik: nago poliziaren kontrola sekula baino zorrotzagoa ote den; gure sekretu guztiak ordenagailuetan barreiaturik dabiltza; komunikabideen erasoak psikologikoki lotuak gauzka, horiek nahi dutena erosi eta horien nahi eran jokatzeraino; ez digute uzten marjenik autonomoak izateko; ez zaigu geratzen ez denbora eta ez indarrik injustiziaren eta gizarteko beste hainbat problemaren aurka borrokatzeko. Asko eta gehiegi dugu publizitateak proposatzen digunari erantzuten, nahiz eta askotan, nahi eta ezin dugunean, depresio eta antsietatearekin erantzun.
Ekonomian ere egin dugu trantsizioa, euroa tarteko, eta hazi gara. Hobeto esan, ekonomia hazi da.. «Ekonomia ondo doa» esango dizute. Badakit norentzat doan ongi: enpresa handi, multinazional eta bankuentzat. Lotsagarriak dira sarritan egunkarietan ateratzen diren datuak, esanez halako edo bestelako bankuren batek aurreko ekitaldian baino %30 edo %40 gehiago irabazi duela. Irabazi horiek ez dira zerutik etortzen, norbaiten eta zerbaiten kontura lortzen dira. Iruditzen zait kapitalismorik basatienaren garaietara itzultzen ari garela. Sintoma batzuk begi-bistakoak dira: langile askoren lan baldintza kaxkarrak, prekarietatea aurrena dela; ekologiari eraso bortitzak; Hirugarren Mundua gero eta pobreago; gazte ugari bizitza osorako hipotekaturik etxe bat ordaindu ezinik; erdibitarteko klasearen eskuartea urritzen; azkeneko horrek, urte gutxiren buruan, ekonomiari buelta handia eman liezaioke; ez dakit ondorioa zein izan litekeen: edota krisi orokor batean murgildu; edota kontsumitzaile apalagoak, baina gehiago sortu.
Globalizazioa zer da, bestalde? Berriro ere gaurko kapitalismoak asmatu duen sistema berria, merkatua zabaltzeko. Horrek ere baditu bere ondorioak: eskulan merkea lortu munduan zehar, produktu konpetitiboak egin ahal izateko; garapen bidean dauden herrialdeetatik datozen produktuei ateak itxi, baldin eta «geuk» kontrolatzen ez baditugu...
Trantsizio kulturalaz ere mintza gaitezke. Hor ere multinazionalek agintzen dute: janzteko eran, jateko eran, kantatzeko eran, zer irakurri eta zer ikusi. Agian, exajera-tzen ari naizela esango didazue; hor dituela erkidego bakoitzak bere usadioak; guk, adibidez, hor ditugula gure sagardotegiak, eta abar. Baina sagortegiak berak ere ez al dira exotiko bihurtzen ari, eta beste gauza batzuk eguneroko? Gauza bat ohikoa eta natural izatetik monumentu historiko, artistiko, etnografiko edo turistiko moduan gorde beharrera iristen denean, harenak egin du. Eta hori, ezarian-ezarian, gauza gehiegirekin ari zaigu gertatzen. Eboluzioa ona da, baina aurrekoaren gainean zerbait eraikitzen denean, eta ez lehengoa erabat birrinduta.
Azkenik, trantsizio erlijiosoa ere aipatu nahi nuke. Esan dezakegu sekularizazio masiboa dela azken urteotako ezaugarririk nagusiena. Kuestioa ez da nondik gatozen edo nora goazen ez jakitea, baizik eta ez zaigula interesatu ere egiten horrelako galderarik. Erlijio kutsuko gauzek, Jainkoa barne, gaur egun ez dute desinteresa baino eragiten; fedea ez ezik kultura erlijiosoa ere zeharo atzentzen ari da. Jakina, lehengoaren ondorioa da bigarrena. Tomas Murok (ez Morok) dioenez, okerrena ez da gero eta kristau gutxiago egotea, gero eta ateo gu-txiago egotea baizik. Donostiar horren ustez, pagano eta idolatra berriez inguratuta bizi gara. Boterea, hedonismoa eta aberria, bakoitza bere osagarriekin, omen dira egungo fetitxeak.