DONOSTIA. DV. Era askotako materialak dakartza Juan Luis Zabalaren liburu berriak, bere hamaikagarrena: gogoeta laburrak, artikuluak, aforismo modukoak, ipuin aski motzak, olerkiak, kantuak. Inon izatekotan jarri dio izenburu eta Susa argitaletxearen bidez plazaratu du, ohitura duen bezala.
Egunerokoaren egitura du liburuak. Lehen idatzia 1985eko abuztuaren 8koa da, azkena 2006ko martxoaren 12koa, eta azken-azkeneko testu hori halako aitorpen bat da: «Traba nintzen baina kabitu naiz».
Liburua ez omen da autobiografia moduan hartu behar, atzoko aurkezpenean Jon Benito idazleak esan zuenez, baina bistan da liburuan garbi agertzen direla Juan Luis Zabalaren kezka literarioak eta -nolabait esateko- existentzialak.
Liburu honek badu aurrekari bat, atzokoan Zabalak esan zuenez: 1989an plazaratutako Kaka esplikatzen. «Hura zera izan zen, eguneroko bat nobela bihurtzeko ahalegina. Kritika txarrak izan zituen, baina eskertu zidaten esperimentatzeko gogoa». 80ko hamarkadatik asmo aldatu omen da Zabalaren ikuskera: «Orduan, erlijio baten moduan ikusten nuen literatura, gauza sakratua zen niretzat. Gero trantsizio moduko bat izan nuen, eta azken urteotan ironia darabilt, eta distantziamendua. Barre ironikoa egiten diet baita bizitzaren alde ilunenei ere».
1994an hasi zen Zabala testu laburrok idazten, Peter Handke-ren El peso del mundo liburuak eraginda. «Inpaktatu ninduen liburu horrek. 21 urte nituen orduan eta errazago zen inpaktatzea -esan zuen idazleak- Urteekin, urrundu egin naiz Handkeren gerizpe horretatik eta modu pertsonalagoan idatzi izan dut».
Lehenengo urteetako gogoeten bilduma Xalbador literatur sariketara aurkeztu zuen. Ez zuten hura saritu, Patziku Perurenaren Emily baizik. Halaxe, urteen poderioz lodituz-lodituz joan zen bilduma eta orain hango aukeraketa bat publikatu da, material berriak erantsita; alegia, lehendik han-hemenka publikatutako zenbait ipuin erantsita. Zabalak etxeko ordenagailuan «altxor baten moduan gordeta» zeukanak argia ikusi du azkenean.