San Lorentzo ere, Urkiolako San Antonio bezela, «askoren biotzeko santu debotua» da Euskal Errian. Ala, Auñamendi Entziklopediak aren izeneko ermita auek aitatzen ditu Gipuzkoan bakarrik: Antzuolan, Aretxabaletan, Arroan, Beizaman, Berastegin, Bergaran, Elgoibarren, Gabirin, Ikaztegietan, Itxason, Eibarren eta Zumaian.
Oietan ezagunena, neretzat beintzat, Berastegikoa, mendi baten puntuan. Iruñeko gaurko autobidea aren azpitik pasatzen da. Erriko festak ere beraren izenean eta egunean ospatzen dira, abuztuaren 10ean.
Santu au III mendekoa degu, eta Hueskakoa. Eta kontuan ar dezagun alderdi ortan latiñez eta euskeraz itzegingo zala antziñako denbora aietan.
Ni izan berria naiz aren jaiotetxean; obeto esateko, aren jaiotetxea izan zan tokian. Martxoko egun eguzkitsu bat zan. Egoaldetik urbildu nintzan, Cuarte eta Banariés errietatik igarota. Nere aurrean eliza aundi bat ikusten nuan, bizkartxo batean bakar-bakarrik, eta uraxe izan.
Kanpantorrea ladrilluz egiña. Eliza, berriz, arri-sillarez. Arra-tsaldeko eguzkiak bete-betean jo-tzen zuan eta urre-kolore zoragarria ematen zion.
Inguruan, bista zabalak. Ordeka oni la Hoya de Huesca deitzen diote, la Cuenca de Pamplona, la Llanada de Vitoria eta abar esaten dan bezela. Zeru urdiña goien; alderdi guzietara, galsoro ederrak, danak berde-berde, urte-sasoi ontan. An eta emen, almendro-saillak loretan txuri-txuri. Hueska ez da ikusten; baiña bai aruntzagoko mendiak: Caballera, Gratal, Gabardiella, Guara...
Ermita oni Loreto esaten diote. Onek Italiako Loretoko Amarekin zer ikusirik daukan ez nuke esango. Eraiki, berriz, Felipe II-aren aginduz egin zan, 1585 urte aldera. Errege onek, izan ere, oso maitea zuan San Lorentzo. Zergatik ote? Onen egunean lortu zualako frantzesen aurka San Quintin izeneko garaipen aundia. Orretxegatik altxatu zuan Escorial izenekoa ere Madril ondoan.
Atearen gaiñean irudi eder bat, San Lorentzorena, esku ezkerrarekin parrilla bati eusten diola.
Emen zan etxe batean jaio omen zan, esan degunez, III mendearen erdi aldera, kristau su-tsuak ziran kristauengandik. Lorentzo ere ala izan zan txikitandik. Gaztetan Erromara joan zan. Bertako fededunak arrera ona egin zioten. Bai Aita Santuak ere.
Au Sixto zeritzan. Onek apaiz egin zuan, eta arcediano izendatu. Kargu ontan ziranak bi eginkizun izaten zituzten batez ere: bata, Aita Santuari elizkizunetan laguntzea; bestea, Elizaren ondasunen kontu izatea, andik pobreei-eta bear zana banatuz.
Baleriano zan garai artan Erromako enperadorea, ordurarte kristauak errespetatu zituana. Baiña bat-batean aien etsai amorratua biurtu zan. Fedea ukatzen etzuanari, eriotz-pena ematen zion. Aita Santua preso artu zuan. Lorentzo, berri ori ikasitakoan, ura zegoan kartzelara joan zan. Eta Aita Santuak esan zion atzera lasai joateko eta Elizaren ondasunak pobreen artean banatzeko.
Lorentzok ala egin zuan: kristauak izkutuan ziran tokietara joan eta Elizaren ondasunak pobreen artean banatu. Biaramon-goizean Aita Santua zegoan kar-tzelara joan zan, iltzera zeramaten garaian. Aren oiñetan belaunikatu eta zera esan zion:
-Zure mandatua bete det, ondasunak pobreen artean banatu, alegia. Orain zurekin eraman nazazu.
Eta Aita santuak:
-Ni zaarra naiz eta zigor ariñak izango ditut. Zuri, berriz, iru egunen barru astunak emango dizkizute.
Ala gertatu zan. Soldaduak ondasun itza entzuna enperadoreari salatu zioten; kristauak altxorren bat nunbait gordeta bazutela, alegia. Ala, Lorentzo preso artu zuten.
-Kristaua al zera?
-Bai, jauna, bai.
-Ondasun arrigarriak omen dituzu.
-Bai, jauna, bai. Ona emen nun diran.
Berak ain maiteak zituan pobre eta elbarriak an bilduak ziran eta aiek erakutsi zizkion.
-Jupiter eta gure gaiñontzeko jainkoak gurtu itzazu. Bestela, gorriak ikusiko dituzu.
-Nik ez diranak gurtu? Ez-ta jainkoak ere! Bestetik, berriz, gorriak ikusteko gertu nago.
Orduan borreroen esku utzi zuten. Auek, leenengo, Lorentzoren ezurrak beren tokietatik atera zituzten tiraka. Gero, errukirik gabe zigortu. Urrena, su aundi bat piztu. Azkenik, burnizko oe edo parrilla bat ekarri, brasaren gaiñean jarri, eta Lorentzo parrilla orren gaiñean etzan erazi, an pixkanaka erre zedin. Santua, ala ere, irriparrez. Are geiago: alako batean onela esan zien borreroei:
-Alde ontatik ondo erreta nago. Buelta eman zaidazute, beste aldetik berdintsu erre nadin.
Ateraldi arrigarri au izango da, ziur aski, San Lorentzori ainbesteko ospe eta fama eman diona. Andik laster il zan. Eguna, 258 urteko abuztuaren 10-garrena zan. Orregatik, egun ortan ospatzen da santu orren festa.
Haueskatarrak oso maitea izan dute geroztik beren santu aundia, zaindaritzat dutena. Ala, abuztuaren 10-ean festa aundiak egiten dituzte urtero aren osperako.
Eliza itxita zegoan eta ezin barrura sartu. Inguruan ibili nin-tzan, ango bista ederrekin nere begiei gozatu bat emanez. Gero, emendik Hueskara zuzenean dijoan bidea artu nuan. Aldapatxo bat igo eta iriburu ori an azaldu zi-tzaidan, pare bat kilometrora. Emen ere erriaren jiran etxe berri asko egin danez, aiek ikusten nituan; eta gaiñetik katedrala, au beti tokirik altuenean izaten da eta. Eskubira, berriz, muiño batean, San Jorge ermita txuria.
Baiña ezkerreko bide-ertzean, oroitarri bat ikusi nuan, idazki onekin: «Dice la tradición que en este lugar S.ª Paciencia aguardaba a sus hijos San Lorenzo y San Orencio cuando venían de la escuela».
«Ori da oroipenak ongi gordetzea -esan nuan nere artean-, ia bi milla urteko gertaerak dira eta!».
Ama ori, izan ere, semeen bidera ateratzera, oneraiño etorriko zan, emendik bere mutikoak Hueskatik atera orduko ikusiko zituan eta. Nik ere jende asko ikusi nuan ara eta onera bide ortan, eguraldi ona zegoanez paseatzera irtena. Baiña andik aldentzeko ordua zan eta alaxe egin nuan, azken agurra emateko jota zaar bat kantatuz:
Viva Huesca, que es mi pueblo,
San Lorenzo mi patrón...