LEGAZPI. DV. Badira urte batzuk Udal Euskaltegiak ikasturteari amaiera emateko Mintzaturismoa deritzan ekimena martxan jarri zuela. Ikasle, mintzalagun eta irakasleekin talde txiki bat osatu, 20 bat lagunekoa, eta asteburu oso bat igarotzen dute turismoa euskaraz eginez. Aurtengo irteera antolatuta dago jadanik. Hurrengo asteburuan egingo da, hilaren 27an eta 28an, eta Nafarroa aukeratu dute oraingoan.
Hau, Mintzaturismoa egiten den bostgarren urtea da. Hasiera batean, Euskaltegiko 2. maila inguruko ikasleentzat antolatzen zen, baina azken bi urteetan Min- tzalaguna ekimenean ari direnek ere hartzen dute parte. Irteera hauetara joaten direnak, euskara praktikatzen dute, lehenik eta behin. Gainera, konturatu egiten dira asteburu oso batean euskaraz hitz egiteko gai direla. Min- tzaturismoari esker, bestalde, jende berria ezagutzen da eta euskarazko harremanak sortzen dira. Leku eta ohitura berriak ezagu- tzeko ere baliagarria da ekimen hori eta, dudarik ez, ondo pasa- tzen da.
Orain arteko irteeretan parte hartu duten gehienek errepikatu egiten dute, hain ona baita beren balorazioa. Jendea gustura gera- tzen da, gauza ezberdinak egiteko aukera izaten dutelako eta, gainera, euskaraz hitz egitea hain zaila ez dela ikusten dutelako.
Orain arte lau Mintzaturismoko irteera egin dira: Iparraldera eta Nafarroara lehena; Bizkaiako kostaldera bigarrena; Bizkaiako Enkarterriak ingurura hirugarrena; eta Araba aldera laugarrena, iazkoa.
Aurtengo ibilbidea
Aurten, Nafarroa aukeratu da eta, besteak beste, Eunate, Artaxona, Olite, Olivako monastegia, Uxua, Bardeak eta Baldorba bisitatuko dira. Irteera zapatuan, hilaren 27an egingo da eliza atzealdetik. Autobusez egingo da bidaia, eta txoferra ere tartean izango da, mintzalagunetako bat baita.
Lehen egun horretan geratzeko astirik ere ez da izango, hainbat eta hainbat leku ikusi behar dira eta. Gaua, berriz, Donamartiri Untzun pasako da, Tafallatik gertu. Eta hurrengo egunean, goiz jaiki eta gosaldu ondoren, Bardeetan ibilalditxo bat egitera. Gero, bazkaria Tafallan eta etxera.
Ekimen hau Udal Euskaltegiak jarri zuen martxan hasieran, baina orain Udalaren laguntza ere badu, honek martxan duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan kokatuta.