ALKIZA. DV. Jende ugari bildu zen ostiralean Alkizako Kultur Etxean herriko Kultura Asteko ekitaldien barne Joseba Egibar, Gipuzkoa Buru Batzarreko burua, eta Rafa Diez, LAB-eko Idazkari Nagusiaren arteko mahai ingurua ikustera. Lorea Agirre, Alkizan bizi den kazetariak, egin zituen moderatzaile lanak.
Bi partaideek ETAren su-etenak Euskal Herriko giro politikora ekarri dituen aldaketez jardun zuten eta alderdi bakoitzak eduki beharko duen jokabidea zehazten ere saiatu ziren. Martxoak 24tik abian dagoen prozesua «herriaren borondatea errespetatzeko aukera historikoa» da Rafa Diez-en arabera. Era berean, Joseba Egibar eta Rafa Diez-ek onartu zuten kontu handia eduki behar dela «espekulazio egoera» batean ez erortzeko, baina garrantzitsua izan dela nazioartean deklarazioak eduki duen oihartzuna.
Gai nagusia «ETAren su-etena» izan bazen ere, bi mahai-kideek hainbat gairen inguruan hitz egin zuten, hala nola, Katalunian bizi den egoera.
Kultur Asteko ekitaldiak
Gaur, igandea, Kultur Asteko ekitaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira. Alkizako herri frontoiean bi pelota partida jokatuko dira, benjamin eta beteranoen mailakoak. Benjamin mailan Jokin Saralegi eta Igor Gorostidi, Eneko Zubiaurre eta Martin Lizardiren aurka jokatuko dute, eta beteranoen mailan, Xabier Mujika eta Aritz San Sebastian, Aitor Sorarrain eta Xabier Gabirondoren aurka.
Eguerdiko 13:00eta Alkizako abesbatzak herriko tabernaz taberna ibiliko da kantu zahar eta herrikoiak abesten. Arratsaldeko 14:30etan berriz, herri bazkaria egingo da Otsamendi Jatetxean. Arratsaldeko 18:00etan Ikaztegietako Dantza Taldeak herriko plazan dantza ikuskizuna eskeiniko du. Hala ere, euria egiten badu ekitaldi hau frontoiean ospatuko da. Eguna amaitzeko, 19:00etan toka txapelketa herrikoia egingo da.
Bihar, astelehena, Alkizako Kultur ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira elizan ospatuko den San Isidroren omenezko Meza Nagusiarekin. Iluntzeko 20:00etan berriz, EHNE nekazal sindikatuak hitzaldia eskainiko du Nekazaritzaren etorkizuna izenburupean. Hizlaria Ator Aranburu izango da. 21:00etan San Isidro afaria egingo da Ostatu jatetxean.