Joan den ostiral eguerdian, halabeharrez, bakarrik nengoen euskaltegian, eta dama baten bisita izan nuen. Badakit nahita ere ezin duzuela gaizki pen-tsatu, eta ondo egiten duzue. Euskaraz ikasi nahi zuela, hori da dena.
Desgaraiak beti eman izan dit zer pentsatua; desgaraian, galderarik egokienak ere desegokiak izan ohi dira, eta esan nuen nire artean: «Hilabete baino falta ez kurtsoa amai-tzeko, eta orain galdezka?». Berehala hasi ziren nire susmoak baieztatzen: diosalari erantzun ere egin gabe esan zidanean: «Quiero sacar el EGA. ¿Qué me recomiendas?» Gero argitu zidan beharrezkoa zuela, oposizioetara aurkezteko.
Guretzat, berriz, beharrezkoa izaten da ikaslegaiak zer maila daukan jakitea. Galdetu nion, eta erantzun zidan ez zekiela ezer ere; euskararekin izan duen harreman bakarra institutuan izan zuela, astean ordubeteren bat edo, baina hura ere zeharo ahaztua daukala; sekula ez duela izan interesik.
Orain, ordea, besterik dela; gogo biziz dagoela ikasten hasteko. Nahiago nuen isildu gustura esango niokeena, eta mesede egin zidan, berak jarraitu baitzuen: «¿Cuánto tiempo se necesita para sacar el título?». «Lauzpabost urte bai», erantzun nion, «eta hori asistentzia onarekin».
Orduan, aurpegia zeharo aldatu zitzaion, eta lehen isilik gordetzea pentsatzen nuen guztiak esan nizkion: «Begira, euskara ikasteko, zure jarrera da garrantzitsuena. Baina ez ezazu sinestu, interesik inoiz izan ez baduzu, orain kolpean jaioko zaizunik; hartzen dizudan tankera da berehala aspertuko zarela; ai-tzaikaia gehiegi eta etekin gutxi aterako duzula euskaltegian». Eta ezetz esan nion; ez hasteko. Ez al da garaia gauzak garbi esaten hasteko?