AZPEITIA. DV. 'Izena duenak badu izana: izen ala ez izen?' ekimena jarri du abian Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak euskal abizenak dituzten azpeitiarrentzat, hala nahi izanez gero agiri ofizial guztietan euskal abizen horiek euskaraz idatzita azal daitezen.
Azpeitiar askoren abizenek euskaldun direla adierazten dute baina azpeitiar gehienek gurasoengandik jaso dituzten euskal abizenak gaztelaniaz idatzita dituzte. Orain, Euskara Patronatuak eskainiko duen zerbitzuaren bidez, euskal abizenak dituztenek abizen horiek modu ofizialean ere euskal grafiaz idazteko aukera izango dute, Euskaltzaindiaren izendegian oinarrituta. Norberaren agiri ofizial guztietan euskal deiturak euskaraz idatzita azaltzeko tramitazioa Azpeitiko Epaitegiaren Erregistro Zibilean egin behar izaten da. Euskara Patronatuak, hain zuzen, korapilatsua izan daitekeen tramitazio prozesu hori bere gain hartuko du, herritarrei prozesua erraztu asmoz.
Ikastetxeetatik herrira
Orain arte, Udal Euskara Patronatuak euskal abizenak euskaraz jartzeko zerbitzu hau herriko ikastetxeen bidez eman izan du, ikasleen gurasoei zuzenduta, bereziki. 2005. urtean, herriko ikastetxeekin elkarlanean, 47 espediente bideratu zituen. 2006ko maiatza arte, berriz, dagoeneko 33 espedienteren tramitazioa egina dauka.
Izen ala ez izen? ekimenaren bitartez, Azpeitiko Euskara Patronatuak ikastetxeen bitartez ematen duen zerbitzua herritar guztientzat zabaldu nahi du.
Pausoak
Euskal deiturak euskaraz jarri nahi dituztenek bi agiri eraman beharko dituzte Euskara Patronatuaren egoitzara: nortasun agiriaren fotokopia eta Familia Liburuaren fotokopia. Bi agiri horiez gain eskari orri bat ere bete eta sinatu beharko dute. Eskari orria Euskara Patronatuan eskura daiteke.
Deiturak euskaraz idatzita jar- tzeko beste bi agiri ere behar izaten dira: eskatzailearen udal-erroldaren agiria eta jaiotza agiria. Baina beste bi agiri horiek lortzeko ardura Euskara Patronatuak hartuko du bere gain, eta baita herritarren eskaria behar bezala beteta Azpeitiko Epategiaren Erregistro Zibilera eramateko ardura ere.
Gurasoen aldaketa
Gurasoek abizenak euskaraz ida- tzita jartzen badituzte, seme-alabei ere abizen horiek euskaraz idatzita azalduko zaizkie. Gurasoek aldatzeko asmorik izan ez eta seme-alabek aldatzea nahi izanez gero, adin txikiko direnek gurasoen baimena beharrezkoa izaten dute aldaketa egiteko.